Jongbiongo planta nuklearra gaur bertan ixtea espero da. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ikuskatzaileak, ildo horretan, gaur dira ailegatzekoak bertara. Olli Heinoven izango da lau ikuskatzailek osatzen duten taldearen burua eta herenegun jakinarazi zuen euren bidaiaren helburua planta nuklearra ixtea eta zigilatzea zela: «Jongbion itxi eta zigilatu behar da; hori da bide luze baten aurreneko urratsa». Pekinen (Txinan) esan zituen hitzok.
Ipar Koreak duela bost urte kanporatu zituen nazioarteko ikuskatzaileak eta, zentzu horretan, historikotzat joko da gaurko eguna. IAEAko ordezkariak bost egunez dira geratzekoak Ipar Korean.
DIRUA, GIZA LAGUNTZARA BIDERATUTA. Jongbiongoa da Ipar Koreako eraikuntza nuklearren artean handiena. Ameriketako Estatu Batuekin, Errusiarekin, Txinarekin, Japoniarekin eta Hego Korearekin iragan otsailaren 13an hitzartutako akordioan planta hori eraitsiko zuela hitzeman zuen Ipar Koreak. Hirurogei eguneko epea eman zioten horretarako, baina, aurretik, bahitutako dirua desblokeatzeko eskatu zuen Piongiangek. Washingtonek martxoaren 19an kendu zuen ezarritako bahimendua, baina «huts teknikoek» diru transferentzia orain arte egitea eragotzi dute. Errusiako Dalcombank bankuaren bitartez egin ziren, atzo bertan, azken tramiteak.
AEBek orain arte blokeatuta zuen dirua giza laguntzetan erabiliko duela hitzeman du Ipar Koreak. Horixe zen ezarritako baldintza.
Gerraren urteurrena gogoan Hego Korean
Seul. Ipar Koreako erregimenaren aurkako manifestazio bat egin zuten atzo Hego Koreako hiriburuan, Seulen, duela 57 urte bi herrialdeen artean hasi zen gerra gogoratzeko. Kim Jong-Il Ipar Koreako presidentearen irudia eta tiranoahitza zuten afixak zeramatzaten manifestariek.Ipar Koreako erregimen komunistako soldaduak 1950eko ekainaren 25ean Hego Korean sartzearekin hasi zen gerra. AEBen presiopean, Nazio Batuen Erakundeak koalizio militar bat osatu zuen erasoari aurre egiteko. Borrokak 1953ko uztailaren 27an amaitu ziren su-etena hitzartu ondoren. Orduz geroztik, Korea bitan banatuta dago.KronoLoGIa
Hamarkada bi arma nuklearren auziarekin
19871987. Ia 30 urteko ikerketen ostean, ustez arma nuklearrak egiteko balio zezakeen erreaktore nuklearra martxan jarri zuen Ipar Koreak.
1993
Martxoa. AEBak eta Hego Korea maniobra militarrak egiten ari zirela salatu, eta Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik aterako zela ohartarazi zuen.
Ekaina. AEBekin elkarren aurka indarrik ez erabiltzea hitzartu zuen.
1994
Urria. Piongiangek hitzeman zuen programa nuklearra geldituko zuela, ur arineko erreaktoreak eraikitzeko laguntzaren truke. Horiek ez dute arma nuklearrak egiteko adina indarrik sortzen.
2002
Urtarrila. Washingtonek 'gaizkiaren ardatzean' sartu zuen Ipar Korea.
Abendua. IAEAko begiraleei alde egiteko agindu zien.
2003
Urtarrila. Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna bertan behera utzi zuen. Hego Korea, Errusia, Japonia, AEB eta Txinarekin negoziazioak hasi zituen.
2004
Otsaila. Pakistango programa nuklearraren sortzaile Abdul Kader Khanek onartu zuen teknologia nuklearra saldu ziola Ipar Koreari.
2005
Urtarrila. Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkariak «tiraniaren gotorleku» izatea leporatu zion; jarrera aldatu ezean, indarra erabiliko zutela ohartarazi zuen.
Otsaila. Piongiangek lehen aldiz onartu zuen arma nuklearrak zituela, eta negoziazioak eten zituen.
2006
Uztaila. Gutxienez sei misil jaurti zituen. Nazioarteak probokaziotzat jo zuen.
Abuztua. AEBek bahimendua kendu arte ez zela negoziazioetara itzuliko iragarri zuen Ipar Koreak.
2007
Otsailaren 13a. Negoziazioek fruitua eman zuten, Pekinen. Programa nuklearra negoziatzeko prest agertu zen Ipar Korea.
Ekainaren 25a. Desnuklearizatzeko hitza eman zuen Ipar Koreak.