Michael Kirby epaile australiarra buru duen ikerlari taldeak salaketa larriak egin dizkio Koreako Herri Errepublika Demokratikoari: atxiloketa arbitrarioak eta tortura, elikatzeko eskubidearen ukazioa, kontzientzia askatasunaren debekua, atzerrian egindako bahiketak, herritarren sektore baten aurkako diskriminazioa eta mugitzeko askatasunari mugak paratzea egotzi dio. Kirbyren arabera, "mundu garaikidean ez dago horren pareko estaturik". Horregatik, NBEri eskatu dio Ipar Korea Nazioarteko Zigor Auzitegian salatu dezala, eta nazioarteari esku hartzeko eskatu dio. Kirbyk eskutitz bat ere bidali dio Kim Ipar Koreako buruzagiari.
Ipar Koreak, ordea, akusazio guztiak "nabarmenki eta erabat" ukatu ditu, Reuters agentziara bidalitako ohar batean. EB Europako Batasunari, Japoniari eta AEBei egotzi die "giza eskubideak politizatzea".
NBEren ikerlari taldeak egindako akusazioak funtsean aitzinetik AI Amnesty International eta bertze hainbat gobernuz kanpoko erakundek egindako bertsuak dira; hala nola, kontzentrazio esparru sekretuena —80.000-120.000 "preso politiko" inguru daudela dio NBEk— edo herrialdeko buruzagiarekiko atxikimenduaren araberako kasta sistema baten existentziarena. Txostena gehienbat oinarritzen da ustez Ipar Koreatik ihesi egin duten 240 herritar ingururen elkarrizketetan, baina ez du haien izenik ematen. Ikerlarien arabera, elkarrizketatuek ez zuten hala nahi izan. Ipar Koreak ez zien herrialdean sartzeko baimenik eman ikerlariei.
Testuinguru berezia
Txostena jendaurrean agertu dute Koreako penintsulan gertaera bereziak izan diren bolada batean. Izan ere, distentsiorako tarte bat ireki berria da Ipar Koreako eta Hego Koreako gobernuen artean, 2007tik lehenbiziko aldiz aurrez aurre elkartu baitziren joan den astean, Piongiangek hala eskatuta. 1950eko gerrak banatutako familien arteko topaketei berrekitea hitzartu dute hurrengo asterako. Horretaz gain, Txinako Atzerri ministrorde Liu Zhenminek lau eguneko bisita bat hasi du Ipar Koreara, eta heldu den astelehenean hastekoak dira AEBen eta Ipar Korearen urteroko ariketa militarrak.