Ipar Korea tinko zigortzeko ados jarri dira Seul, Tokio eta Washington

Piongiangek bigarren saio nuklearra egiten badu aurre egingo diela ohartarazi dute AEBek

2006ko urriaren 20a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Ipar Korea zigortzeko onartutako ebazpena modu eragingarrian ezarri nahi dute Washingtonek, Tokiok eta Seulek. Joan den urriaren 9an lur azpiko proba nuklearra egin zuelako onartu zuen ebazpena NBEk, eta hiru gobernuotako ordezkariek zigor horiek betearazteko asmoa berretsi dute, Hego Koreako hiriburu Seulen eginiko bileran.

Hego Koreako Atzerri ministro Ban Ki-moon -heldu den urtarriletik aurrera nazioarteko erakundeko idazkari nagusia izango da-, Japoniako haren parekoa eta AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricek, zigorrak ezartzeko moduaz hitz egiteaz gain, bigarren proba nuklearra ez egiteko exijitu zioten Ipar Koreari.

1718 ebazpena iragan larunbatean onartu zuten NBEn, eta, Ipar Koreari ekinbide nuklearra berehala gelditzeko exijitzeaz gain, hari arma ez-konbentzionalekin lotutako ezein material saldu edota helaraztea debekatzen du. Ipar Koreari, era berean, aire blokeoa ezarri, eta hari luxuzko gaiak saltzea galarazten du, baita agintari iparkorearrek atzerrian dituzten banku kontuak blokeatu ere. Hego Korea, Txina, Errusia, Japonia eta AEBekiko elkarrizketei-bere programa atomikoaz- ostera ere ekiteko exijitu dio NBEk Piongiangi. Halaber, Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna berehala onartzeko exijitu dio.

Munduko potentzia nuklearrik handieneko Estatu idazkariak oharkizun zuzena egin zion atzo Piongiangi. Bigarren proba nuklearra egiten badu «ondorio larriei aurre» egin beharko diela ohartarazi zion Ricek. Halere, mehatxuak mehatxu, elkarrizketaren bidera itzultzeko aukera eskaini zion. Seulen egon aitzin, Tokion izan da Rice, eta hurrengo bisitak Txinara eta Errusiara egingo ditu.

TXINAREN OHARTARAZPENA. NBEk Ipar Koreari ezarritako zigorrak «nahita hedatzearen kontra» agertu da Txina. 1718 ebazpenaren edukia ezarri besterik ez egiteko eskatu dio nazioarteari. Ebazpen hori «orekatutzat» jo du Pekinek. «1718 modu orekatuan nola ezarri aztertu beharko lukete alde guztiek, eta ez zigorrak zabaltzeko moduak nahita atondu», esan du Atzerri Ministerioko eledun Liu Jianchaok.

Txinako Estatu kontseilari Tang Jiaxuan Ipar Koreako presidente Kim Jong-ilekin bildu zen atzo, azken gertaerez hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.