Ipar Koreak gaur iragarri du dena prest duela Lurreko behaketa egiteko satelitea jaurti ahal izateko, eta berretsi du misioak helburu zientifikoak dituela.
Teknologia Espazioko Batzordeko kideek gaur emandako prentsaurrekoan baieztatu dute jaurtiketa osteguna eta astelehena bitarte egingo dutela.
AEBek, Hego Koreak eta Japoniak, ordea, mehatxutzat hartzen dute proba hori; haien arabera, Piongiangek bere gaitasun militar nuklearra ezkutuan probatu nahi du jaurtiketa horrekin.
Errusiak gaur ohartarazi du jaurtiketa horrek Nazio Batuen Erakundearen bi ebazpen urratu egiten dituela; ebazpen horietan Piongiangi eskatzen zaio jaurtiketak misilekin ez egitea.
Europako Batasunak ere jaurtiketa bertan behera uzteko eskatu du, "nazioarteko legeak hautsi" egiten dituelako, eta horrek herrialdearen "desnuklearizaziorako elkarrizketak berriro hastea" oztopatuko lukeelako.
2009an Ipar Koreak beste misil bat jaurti zuen, eta NBEren Segurtasun Kontseiluak ekintza hori gaitzetsi egin zuen.