Ipar Koreak hordagoa bota du, AEBetara heltzeko ahalmena duen misila jaurtita

Zazpi eta hamar kohete artean aireratu ditu Piongiangek AEBen independentzia egunean

Edu Lartzanguren.
2006ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Uztailaren 4a. Ameriketako Estatu Batuek independentzia eguna txapliguak botatzen eta Discovery transbordadorea espazioratzen ospatzen zuten bitartean, Ipar Koreak guxtienez zazpi misil aireratu zituen, tartean AEBetaraino buru nuklear bat eramateko ahalmena duen arma berri bat. «Probokazio» hitza erabili du Washingtonek, baina Piongiangek probak egiteko eskubidea duela aldarrikatu du. Ipar Korearen saioak hautsak harrotu ditu nazioartean, eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren ezohiko bilera eragin zuen atzo. Proba edo probokazio, pieza berri bat jarri du Ipar Koreak Asiako iparraldeko krisi nuklearraren taulan.

Sei misil jaurti zituen Piongiangek asteartean, eta beste bat atzo. Gehienak Scud motakoak ziren, hau da, buru nuklearrik eraman ez ditzaketen eta asko jota 700 kilometro bidaia dezaketen gailuak. Horietako bat, ordea, misil mota berria da. Taepodong -2 du izena eta Ipar Korean bertan sortu dute. Hiru fase ditu eta, uste denez, buru nuklear txiki bat 9.000 kilometroraino eraman dezake. Larrialdia piztu da AEBetan, misilak ahalmena duelako Alaska, Hawaii edo mendebaldeko kostara iristeko.

Errusiako Armadaren arabera, euren sateliteek Ipar Koreak hamar misil jaurti zituela hauteman zuten. Estatubatuarrek adierazi zutenez, Taepodong-2 misila Musudan-ri basetik aireratu eta 35-40 minutura lehertu zen. Hori saioaren porrot gisara aurkeztu zuen Washingtonek. Beste irakurketen arabera, korearrek berariaz leherrarazi zuten kohetea, AEBetako edo Japoniako misilen kontrako defentsa sistemek hura suntsitzea galarazteko. Izan ere, aste hasieratik ezaguna zen Ipar Koreak Teapodong-2a luze gabe probatzeko asmoa zuela. Misil Guztiak Japoniako Itsasoan erori ziren kalterik eragin gabe.

BURUJABETZA. «Misilak jaurtitzea gure burujabetzaren baitako afera da. Inork ez du eskubiderik hori eztabaidatzeko», esan zuen atzo Ri Pyong Dok Ipar Koreako Atzerri Ministerioko ikertzaileak. «Misilak jaurtitzearen inguruko itunik ez dugu sinatu». Piongiangek irismen handiko misilak ez jaurtitzeko konpromisoa betetzen ari zen 1999. urtetik.

Ameriketako Estatu Batuen eta Ipar Korearen arteko ika-mikaren azken atala da misil jaurtiketa. 2002. urtean nazioarteko ikuskatzaileak kanporatu zituen Piongiangek, eta berriz jarri zuen martxan Ionbiongo zentral nuklearra. Energia iturriak behar dituela argudiatuta, petrolioa eta zentral nuklear zibilak eraikitzeko laguntza eskatzen du Piongiagek, arma nuklearrak egiteko egitasmoa bertan behera uztearen truke. AEBekiko harremanak 2002an gaiztotu ziren, George Bushen gobernuak Ipar Korea «gaizkiaren ardatzean» sartu zuelako. Irakeko inbasioaren ondoren argi ikusi zuen Piongiangek, Teheranek bezala, babesteko modu bakarra arma nuklearrak izatea dela.

Azken urteotan negoziazio saioak egin ditu sei herrialdeen taldeak, hau da, bi Koreak, AEBek, Txinak, Errusiak eta Japoniak osaturiko krisi mahaiak. Hainbat analisten arabera, protagonismoa berreskuratu nahi izan du Piongiangek auzi nuklearraren gaian, Iranekiko ika-mikaren itzalpean geratzen ari dela iritzita.

Hordagoak izan zuen eragina atzo. Japoniak debekatu zien Ipar Koreako funtzionarioei eta itsasontzi zein hegazkinetako eskifaietako kideei Japonian sartzea. Edonola ere, ez zion zigor ekonomikorik ezarri Piongiangi. Ameriketako Estatu Batuek «probokazioa» salatu zuten, eta elkarrizketa erronda abiatu zuten misil jaurtiketaren ondorioak baloratzeko. Condoleeza Rice Estatu idazkariaren arabera, misilen bidez auzi nuklearra Washingtonen eta Piongiangen arteko arazoa dela adierazinahi izan du Ipar Koreak. Nazioarteak agerturiko «asaldurak» kontrakoa frogatzen duela nabarmendu zuen Ricek.

Piongiangek datozen bizpahiru egunetan misil gehiago jaurtitzeko asmoa duela esan zuen atzo Australiako Atzerri ministro Alexander Downerrek, Ipar Koreak Camberran duen enbaxadorearekin hitz egin ondoren.

Auzia Piongiangen eta Washingtonen artekoa dela adierazi nahi izan du Ipar Koreak, AEBen aburuz

Misilak jaurtitzea Ipar Korearen «burujabetzaren baitako afera» dela esan du Piongiango eledun batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.