Mundua

Ipar Koreak iragarri du ez duela proba nuklear gehiago egingo

2006ko urriaren 20a
18:24
Entzun
Ipar Koreako presidente Kim Jong-ilek zin egin dio Txinako Estatu kontseilari Tang Jiaxuani Ipar Koreak ez duela proba nuklear gehiago egingo. Yonhap Hego Koreako albiste agentziak iturri diplomatikoak aipatuz ziurtatu du Jong-ilek Jianxuanekin egindako bileran hartu zuela konpromiso hori. Antza denez, elkarrizketa horretan bertan Ipar Koreako presidentea elkarrizketarako prest agertu zen Washingtonek, Piongiangi ezarritako zigor ekonomikoak kenduko balitu.

Chosun Ilbo Hego Koreako egunkariaren arabera, Kim Jong-il Ipar Koreako buruak ziurtatu du Piongiango Gobernua auzi nuklearrari buruz hitz egiteko prest egongo litzatekeela AEBek zigor ekonomikoak kentzen badituzte. Ipar Koreak proba nuklearra egin zuenetik lehen aldiz agertu da Piongiango Gobernua elkarrizketarako prest.

Egunkariaren arabera, Kim Jong-il atzo bildu zen Txinako ordezkaritza batekin. Batzar hartan adierazi zuen "amore emateko prest" egongo litzatekeela "AEBek gauza bera egingo balute". Horrela gertatuko balitz, Ipar Koreak uste du akordioa lor daitekeela bai bitariko bileretan baita sei aldetako elkarrizketetan ere.

Urriaren 9an proba nuklearra egin zuenetik, lehen aldiz agertu da Ipar Korea sei aldetako elkarrizketen barruan –Hego Korea, AEB, Txina, Japonia eta Errusia– negoziatzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.