Orain arte Piongiangek onartu egin zuen Kaesong industria gunerako bidea irekita uztea. Seulgo gobernuko iturriek adierazi dute ez dutela Ipar Korearen erantzunik jaso, eta horren zain daudela. Gainera, azaldu dute ez dutela informaziorik aurreko egunetatik industria gunean dauden hegokorearren gainean.
Kaesong industria gunea Ipar Koreako lurretan dago, baina mugaz bi aldeetako langileak aritzen dira bertan beharrean. Joan den mendeko azken hamarkadan gobernu bien arteko hurbiltze prozesua gertatu zen, eta, horren ondorioz sortu ziren proiektu bateratuen artean, Kaesong da iraun duen bakarra. Hego Koreako 123 enpresa daude bertan, Ipar Korean ekoizpena askoz merkeagoa gertatzen zaielako.
Txinako Gobernuak elkarrizketa hasteko deia egin die bi gobernuei, edozein "probokazio" alboratu eta beste "gerra" bat saihesteko. "Ez dugu beste gerra bat ikusi nahi Koreako penintsulan", esan dute Atzerri Ministeriotik.