Ipar Korea

Ipar Koreak misil bat jaurti du, eta Japoniatik gertu erori da, haren aire eremua zeharkatu ostean

Japoniako lehen ministroak adierazi du eraso "larria" izan dela. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egingo du gaur.

KIMIMASA MAYAMA, Efe. OINEZKO BAT, TOKION, MISILAREN IBILBIDEARI BURUZKO INFORMAZIORI BEGIRA. /
2017ko abuztuaren 29a
07:37
Entzun

Ipar Koreak misil bat jaurti du bart gauean, eta, Japonia gainetik pasatuta, Ozeano Bareko iparraldean erori da. Duela hilabete hasi zituen mehatxuak, misilekin egiten ari den entsegu militarrak zirela-eta NBEk zigorrak ezartzeko erabakia hartu zuenean. Jaurtiketa hau mehatxu horien lehen ondorioa izan da.

Azken urteotan, Ipar Koreak asko garatu ditu bere arma nuklearrak, eta ez da misilak jaurtitzen dituen lehen aldia. Oraingo honetan, ordea, misilak ohi baino bide luzeagoa egin du, eta beste herrialde baten lurrak gurutzatu; 2012. urtetik ez zen halakorik gertatu. Japoniako lehen ministro Shinzo Abek premiazko bilera eskatu dio Nazio Batuen Segurtaun Kontseiluari, eta gaur egingo dute, New Yorken.

Misila 05:57 aldera jaurti zuten —Euskal Herriko 20:57an—, Sunan-dik, Piongiang hiriburutik gertu. 2.700 kilometro inguru egin zituen airez, eta 550 kilometroko altitudea lortu zuen, Hego Koreako armadak emandako datuen arabera. Hokkaido (Japonia) uhartearen gainetik pasatu, eta itsasoan erori zen, Japoniako eremutik 1.200 kilometrora.

Abuztu hasieran, Kim Jong Un eta Donald Trumpen arteko gerra dialektikoak tentsioa areagotu zuen, eta hainbat beldur dira gatazka honek ez ote duen ekarriko hirugarren mundu gerra. NBEk zigorrak ezartzea erabaki ondoren, Piongiangek iragarri zuen plan bat zuela Guam uharteko AEBen baseei eraso egiteko. Orduan, Pentagonoak jakinarazi zuen militarki ez duela areriorik, eta Trumpek erantzun zuen eraso eginez gero "munduan inoiz ikusi gabeko amorruarekin eta suarekin" erreakzionatuko dutela AEBek.

Ez da lehen aldia Ipar Koreako misil bat japoniar eremutik igarotzen dena. Azken aldia 2012an izan zen; orduan, Piongiangeko misil bat Okinawa gainetik pasatu zen. Beste hainbeste gertatu zen, halaber, 2009. eta 1998. urteetan. Orduko haietan, ordea, Ipar Koreak adierazi zuen sateliteak orbitan jartzeko saiakerak zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.