Ipar Koreak programa nuklearra berriro abian jarriko duela iragarri du

Yongbyongo zentraletik begiraleak bidali, eta IAEArekin harremanak eten ditu ; nazioarteko hizketaldietara ere ez da joango

2009ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Programa nuklearra berriro indarrean jarriko duela eta auzi honen inguruan beste bost herrialderekin 2003tik daramatzan hizketaldiak bertan behera utziko dituela iragarri zuen atzo Ipar Koreako Gobernuak. Erabaki horrekin, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak zenbait ordu lehenago eginiko aldarrikapenari iharduki zion Piongiangek. NBEko egitura gorenak gaitzetsi zuen Ipar Koreak suziri bat jaurtitzea, joan den apirilaren 5ean, gertaera hori helmen handiko misil baten botatzea izan zela argudiatuta.

«Sei partaideon arteko hizketaldiekin jarraitzeak ez du merezi, eta guk ez dugu horietan parte hartuko aurrerantzean», jakinarazi du Ipar Koreako Atzerri Ministerioak, KCNA informazio agentzia ofizialaren bidez zabaldutako ohar batean. 2003ko agorrilaz geroztik, AEBetako, Errusiako, Japoniako, Hego Koreako eta Txinako ordezkariak bildu dituzten elkarrizketetan orain arte hitzartutakoak bete beharrik ez duela adierazi du, halaber, Piongiangeko aginteak. «Geldiaraziak izan diren gure instalazio nuklearrak berriro abian jarriko ditugu, geure kontra agertzen diren indar militarren mehatxuak areagotzeari aurre egiteko beste aukerarik ez baitugu», gaineratu du Piongiangek.

Iragarri horrekin, Ipar Koreakordu gutxiko tartearekin iharduki dio Segurtasun Kontseiluak eginiko aldarrikapenari. NBEko egitura goreneko hamabost kideek -baita Piongiangeko agintearen sustatzaile den Txinak ere-gaitzetsi dute Ipar Koreak suziri bat jaurtitzea, hilaren 5ean. Nazioartearen iritziz, jaurtiketa hori gauzatuta, Piongiangek hautsi egin du proba nuklearrak egitea edo misilak botatzea debekatzen dion NBEren ebazpena. Hori 2006ko urrian onartu zuten, Ipar Koreak, urriaren 9an, lurpeko proba nuklear bat egin eta berehala. Piongiangek horrela jakinarazi zion mundu zabalari indar nuklearraz jabetu zela.

NBEko Segurtasun Kontseiluaren aldarrikapena «estatubatuar gaizkileen logikaren menpe jartzea» dela salatu du Ipar Koreako Gobernuak, eta azaldu: «Logika horren arabera, Japoniak satelite bat espazioratzea eskubidea da, AEBen aliatua baita; baina guk, aldiz, ez dugu zilegi, beste sistema bat dugulako eta ez garelako estatubatuarren morroiak». Ipar Koreak ziurtatu du apirilaren 5ean gertatutakoa satelite baten espazioratzea izan zela. AEBek, Japoniak eta Hego Koreak iritzi diote, aldiz, helmen luzeko misil bat probatu zuela ezkutuan.

Atzerapauso ugari

Beste bost herrialdeetako ordezkariekiko hizketaldiak bertan behera uzten eta programa nuklearra berriro abian jartzen badu, orain arte eginiko urratsetan atzera egingo du Piongiangek. Izan ere, elkarrizketa hauetan hitzartutakoa betetzen hasita, Yongbyongo planta nuklearra desegiten hasi zen, 2008ko ekainean. Hilabete baten buruan, baina,lanak gelditu zituzten, Washington eta Piongiangen artean piztutako desadostasunengatik. Ipar Koreak kanporatu zituen ere Yongbyongo zentralera joandako IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ikuskatzaileak. Iazko urrian, haatik, Piongiangek berriro onartu zuen programa nuklearra bertan behera uztea, AEBek terrorismoaren sustatzaileen zerrenda beltzetik kentzen zutela jakinarazi ostean. Orain, baina, beste behin kanporatu ditu Yongbyongo zentralean zeuden nazioarteko begiraleak, eta iragarri du bertan behera utzi dituela IAEArekin zituen hartu emanak. Nazioarteko Agentziak berak azaldu duenez, ahal bezain azkar irten beharko dute begiraleek Ipar Koreatik.

Ipar Koreako agintarien azkeniragarriak, anartean, kezka piztudu nazioarteko potentzien artean. AEBek «mehatxu probokatzaileak» egiteari uzteko eta «bide okerretik» ez joateko eskatu diote Piongiangi. Robert Gibbs Etxe Zuriko bozeramaileak arma nuklearrei ekiteak «zuzenbide okerrean urrats larria» litzateke. Errusiako Atzerri Ministerioak «penagarritzat» jo du erabakia, eta elkarrizketarako mahaiaren inguruan berriro esertzeko deia luzatu dio. Orain arte, Ipar Korearen aliatu gisa jardun duen Txinak, berriz, «lasaitasunez eta zuhurtziaz» jokatzeko eskatu die alde guztiei. Txinako Atzerri ministroJiang Yuaren esanetan, «elkarrizketa eta negoziazioen bidez, Koreako penintsularen desnuklearizazioa lortzea espero dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.