Mundua

Ipar Korearen erasoaren ondorioz, bi zibil hil direla baieztatu du Hego Koreak

Gaur agertu diren bi gorpuekin, lau dira guztira atzoko erasoak hildakoak, eta 18 zauritutakoak. AEBek hegazkinetarako gerra itsasontzia bidali du Hego Koreara Japoniatik, "maniobrak egitera".

2010eko azaroaren 24a
15:54
Entzun
Hego Koreako agintariek jakinarazi dutenez, gaur goizen bi zibil hilda aurkitu dituzte Yeonpyeong uhartean, atzo Ipar Koreak egin zuen erasoaren ondorioz hildakoak. Horiekin lau dira guztira obus erasoak hildakoak, atzo bi soldadu hil zituela baieztatu baitzuten. Horiez gain, 18 zauritu daude, horietatik bost larri. 70 etxe erre zituen erasoak.

Tentsioa handia da 38 paraleloaren inguru horretan, eta gertakari txikienak ere gerra piztuko duela ohartarazi dute bi gobernuek. Hego Koreak AEBetako 28.500 soldaduren laguntza du Hego Korean, eta bi herrialdeen arteko gerra amaitu zenetik izan den alerta egoera gorenean jarri dituzte. Gainera, Japonian zegoen hegazkinetarako gerra itsasontzia Hego Koreara bidean jarri dute AEBek. "Maniobrak egitera" doala esan dute.

AEBak Hego Korearen aliatua da 1950eko gerran Ipar Koreareko gobernu komunistaren aurka borrokatzen zenetik. Hain zuzen, 1953ko akordioa errespetatzeko eskatu dio Stephen Bosworth AEBek Ipar Korearako duten ordezkariak. Hego Koreako agintariek, ordea, uste dute erasoa Kim Tae Young Ipar Koreako gobernuburu berria indartzeko estrategia izan dela, eta modu horretan herritarrengan duen kontrola sendotu nahi duela.

Salaketa guzti horien artean, Hego Koreak bertan behera utzi du Ipar Koreara bidaltzen duen giza-laguntza, eta Ipar Koreak horrek "ez diola axola" erantzun dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.