Ipar Korearen irismen handiko misilaren jaurtiketak huts egin du. Gaur goizaldean abiarazi dute, eta airean minutu gutxi batzuk eman ondoren, itsasora erori da hainbat zatitan hautsita.
Misila jaurti eta gutxira, Hego Koreak, Japoniak eta AEBek baieztatu dute jaurtiketa "porrota" izan dela. Ipar Koreak, ordea, jaurti eta lau ordura jakinarazi du sateliteak ez duela "orbitan sartzea lortu". Zientifikoak, teknikoak eta adituak "porrotaren arrazoiak" ikertzen ari direla azaldu dute.
Hego Koreako Gobernutik zabaldu dute satelitea itsasora erori dela, Gunsan hiritik 100-150 kilometrora. Herrialdeko militar baten arabera, misila 20 zatitan hautsi da, 151 kilometroko altuerara iritsi ondoren. Yonhap berri agentziak jakin ahal izan duenez, Hego Koreak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan jarrera "sendo eta bateratu bat" bilatuko du, Ipar Koreako jokaeraren aurrean.
NBEko Segurtasun Kontseiluak jaurtiketa deitoratu du, bi ebazpen apurtzen dituelako. G-8 Atzerri ministroek ere jaurtiketa gaitzetsi dute, eta "erantzun egoki bat" eskatu diote NBEri.
Ipar Koreak dio jaurtiketak "helburu zientifikoak" dituela, baina Ipar Korearen arerioek eta Errusiak uste dute entsegu militar bat dela.