Ipar Irlanda

IRA oraindik jardunean dagoela adierazi du Erresuma Batuak

Theresa Villiers Ipar Irlandarako idazkariaren arabera, talde armatuaren kontseilu militarra indarrean dago, baina haren egitekoa "erabat politikoa" da. Gatazkan parte hartu zuten gainerako talde armatu nagusiak ere jardunean daudela adierazi du.

mikel rodriguez
2015eko urriaren 20a
12:22
Entzun

Iragan abuztuan, Kevi McGuigan IRAko kide ohia tiroz hil zuten Belfasten, eta, horren ondorioz, oraindik konpondu ez den krisi politiko larria sortu zen Ipar Irlandako Gobernuan, alderdi unionistek ondorioztatu zutelako IRA oraindik jardunean zegoela, eta Sinn Feini egotzi zioten horren erantzukizuna. Erresuma Batuko Gobernuak hori egiaztatzeko txosten bat agindu zien Poliziari eta zerbitzu sekretuei, eta horiek ondorioztatu dute IRAren kontseilu militarra oraindik jardunean dagoela, nahiz eta zehaztu duten haren egitekoa "erabat politikoa" dela.

Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako idazkari Villiersek eman du txostenaren berri. Ikerlariek ondorioztatu dute IRA ez ezik, 1960tik 1998ra arteko gatazkan parte hartu zuten talde armatu nagusi guztiak, bai errepublikanoak, bai unionistak, jardunean daudela oraindik, nahiz eta guztiak egon "konprometituta helburu politikoak lortzeko bide baketsuak erabiltzearekin". Hala ere, ikerlariek diote talde guztiek mantendu dutela haien arsenalaren zatiren bat. Dena den, txostenean oinarrituta Villiersek erran du gaur egun "mehatxu terrorista bakarra" talde errepublikano disidenteak direla.

McGuiganen hilketa, krisiaren sorreran

IRAz mintzo direnean, PIRA Behin-behineko IRAz mintzo dira; hau da, Ipar Irlandako gatazka armatu modernoan (1969-1998), mugimendu errepublikanoan izan zen talde armatu nagusiaz —nagusitasun horregatik hari deitu ohi zitzaion IRA, zehaztasunik egin gabe—. Ikerlariek txostenean diotenez, PIRAk kide berriak errekrutatzeari utzi dio; ez, ordea, bertze talde errepublikano nagusiak (INLA Irlanda Askatzeko Armada Nazionalak), eta unionisten hiru handienek (UDA Ulsterren Aldeko Elkarteak, UVF Ulsterko Boluntarioen Indarrak eta Esku Gorria Komandoak). Hiru talde unionista horiek duela hamar egun sortu zuten Loialisten Komunitateko Kontseilua, bake prozesuari "berriz" atxikitzeko helburuz, uste baitute talde armatu errepublikanoen aldean, unionistak "alboratuta" gelditu direla 1998an hasitako prozesutik. 

PSNI Ipar Irlandako Poliziak uste du PIRAko kideen eta kide ohien arteko gatazkaren baten ondorio izan zela McGuiganen hilketa. Iragan maiatzean Gerard Jock Davison IRAk Belfasten zuen buruzagitzako kide izandakoa hil zuten tiroz Markets auzoan, eta PSNIren ustea da Davisonen kideek hil zutela McGuigan, hark maiatzeko hilketarekin zerikusia zuelakoan. Orain ikusi beharko da alderdi unionistek zer nolako erreakzioa izanen duten txostenaren aitzinean, McGuiganen hilketaren ondoren egin zituzten salaketengatik sortu baitzen krisia. Ordutik, Sinn Feineko arduradunek, Gerry Adams alderdiko buruzagiak barne, behin eta berriz ukatu dute IRA jardunean dagoenik. Abuztu bukaeran, UUP Ulsterko Alderdi Unionistak batasuneko gobernua utzi zuen (hirugarren alderdia da Ipar Irlandan, eta unionisten artean, bigarrena). Peter Robinson lehen ministroak ere dimisioa eman zuen, baina haren DUP Alderdi Demokratiko Unionistak gobernuari eutsi dio. Sinn Feinen ustez unionistek krisia artifizialki sortu dute errepublikanoei kalte egiteko. 

1960ko hamarkada bukaeratik 1998ra arte ia 4.000 lagun hil zituzten Ipar Irlandan, talde errepublikanoen, unionisten, RUC Ipar Irlandako Poliziaren eta Erresuma Batuko armadaren arteko eraso eta borroketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.