Irabazleak etsi egin du

Grezian gobernua osatzeko hiru egun zituen Samaras eskuindarrak, baina lehen egunean amore eman du gainerakoen ezetza jasotaIdeologia anitzeko zazpi alderdik lortu dute ordezkaritza parlamenturako bozetan

mikel rodriguez
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Inkestek aurreikusitakoa bete da Grezian, eta bertako legebiltzarrak ordezkaritza askotarikoa izanen du, komunistetatik hasieta neonazietaraino —zazpi alderdi guztira—. ND Demokrazia Berria kontserbadoreak irabazi ditu bozak, sekulako boto galera izan duen arren —%33tik %18,85era jaitsi da—, eta 2009ko garailea, Pasok Mugimendu Sozialista Panhelenikoa hondoratu egin da —hirugarren indarra, %44tik %13ra jaitsita—. Karolos Papulias presidenteak hiru eguneko epea eman dio Samarasi gobernua eratzeko, baina ordu batzuen buruan amore eman du buruzagi kontserbadoreak. «Ahal dugun guztia egin dugu gobernua eratzeko, baina gainerako alderdiek ez dute onartu», jakinarazi du. Bozetan bigarren gelditu den indarrak hartuko du gaur negoziazioei ekiteko ardura, Siriza ezkerreko koalizioak.

NDk 108 jarleku irabazi ditu—garaileari zuzenean 50 dagozkio— eta Pasokek, 41. Ez dute lortu koalizio gobernu bat eratzeko behar adinako sostengua, 300 jarlekuetatik 151 beharko bailituzkete horretarako. Iazko azarotik agindu dute elkarrekin, EB Europako Batasunarekin, NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin eta EBZ Europako Banku Zentralarekin hitzartutako erreskate plana betetzeko. Bi alderdi horiek dira Greziari murrizketa latzak ezartzen dizkion plan hori onartzen duten bakarrak.

Hain zuzen, alderdi sozialdemokrata izan da NDrekin gobernatzeko prest agertu den bakarra. Evangelos Venizelos Pasokeko burua batasuneko gobernu «europeista» bat sortzearen alde agertu da. NDrekin eta Pasokekin batera, Sirizak eta Dimar Ezker Demokratikoak osatu beharko lukete gobernu hori, Venizelosen arabera. Pasokeko buruaren iritziz, gobernu horren helburua izan beharko litzateke bigarren erreskate plana, bere alderdiak eta NDk troikarekin idatziz berretsitakoa berriz ere negoziatzea. Frantzian François Hollande sozialistak lortutako garaipenak nazioarteko testuingurua alda dezakeela argudiatu du.

Sirizak eta Dimarrek, ordea, ez dute NDrekin gobernatu nahi. Siriza izan da bozen garaile nagusia, botoen ia %17 irabazi baitu; 52 jarleku lortu ditu —2009an baino 38 gehiago—. Alexis Tsipras koalizioko burua Samarasekin elkartu zen atzo, eta aurrez aurre erran zion ez dagoela harekin gobernua osatzeko prest, NDk erreskate plana onartu zuelako. Tsiprasek erran du Sirizaren helburua dela «nagusiki» ezkerrekoa izanen den gobernua eratzea erreskate plana eta murrizketa politikak alde batera utzi, eta «garapenerako politikak» aplikatzeko.

Ezkerreko bertze bi indarrek ere, KKE Greziako Alderdi Komunistak eta Dimarrek, jakinarazi dute ez dutela NDrekin gobernua eratzeko asmorik. KKE espero baino gutxiago hazi da —puntu bat igo da eta bortz jarleku irabazi ditu, 21etik 26ra pasatu da—. Dimarrek, berriz, lehenbiziko aldiz lortu du ordezkaritza parlamentuan. Azken alderdia izan da, botoen %6rekin (hemeretzi jarleku). Sirizatik banatutako indarra da Dimar, koalizioak EBrekin duen jarrera gogorregitzat baitu. Fotis Kuvelis alderdiko buruak Samarasi adierazi dio eurogunean jarraitzearen alde dagoela Dimar, baina ez duela sostengatuko troikarekin hitzartutako erreskate plana. Ezkerreko hiru indarrak elkartuta ere ez lukete gobernua osatzeko behar adinako babesa jasoko.

Neonaziak parlamentuan

Samarasi , ordea, ez diote soilik ezkerreko alderdiek ezezkoa eman. Greziar Independenteak eskuinekoak ez du ezta biltzeko gonbita onartu ere. Panos Kammenos da Greziar Independenteen burua. Duela bi hilabete sortu zuen alderdia. Iaz NDtik bidali zuten Kammenos, erreskate plana onartzearen aurka agertu zelako. Sendo sartu da parlamentuan, laugarren indarra izatea lortu baitu (33 jarleku).

Baina harrabotsa sortu duena, dudarik gabe, Egunsenti Urrekara alderdi neonazia izan da. 2009an botoen %0,29 lortu zituen, eta, joan den igandean, ia %7raino igo zen —21 jarleku dagozkio—. Nikos Mikhaloliakos alderdiko buruzagiak prentsaurreko bero batean adierazi du «Greziako traidoreek» beldurtzeko arrazoiak dituztela. harekin biltzeari uko egin zion Samarasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.