Gizon arruntaren itxura nabarmendu dute Jose Montillari kanpaina bideratu diotenek (Iznajar, Espainia, 1955), politikan arrunta izatea bertute dela, eta Generalitateko presidenteak ez du arazorik azal horretan egokitzeko. Inoiz ez zaizkio gustatu «lider argituak, mistikoak». Che eta horrelakoen posterrik ez zuen izan inoiz gelan, ezta «ezker muturrekoa» zenean ere. Molde horretara egokitutako iragarkiak PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiko liderraren izaeratik zerbait denongan dagoela esan du; Artur Mas arerioaren harrotasunari kontrastea jartzen dio, nabarmendu beharrez edo. Langileen abstentzioa saihesteko egin dute iragarkia.
Kanpainan egin dizkioten elkarrizketetan behin eta berriz esan du 16 urte zituela immigratu zuela Kataluniara familiarekin, eta lanaren ekinari eutsi diola ordutik, sozialistetan langileenak mobilizatu nahian. Baina, inkesten arabera, sozialisten botoa krisian dago Katalunian, Generalitateko Gobernuan egin dutenarekin ez oso gustura, eta Madrildik iritsitako aginduak ulertzen ez dituztela. Krisi ekonomikoak gehien jipoitzen dituenen alderdikoa izatea egokitu zaiola uste du: «CiUri bozkatzen diotenek gutxiago pairatzen dute krisia guri bozkatzen digutenek baino».
Hauteskundeak irabazteko zailtasuna onartu du presidenteak, eta, gainera, ez dela berriz aurkeztuko aurreratu du, gertatzen dena gertatzen dela. Abstentzioaren zulotik joaten zaizkion botoak gutxi gorabehera, gauza bat da ziurra: hirukoa ez duela errepikatuko. «Hauteskunde hauek egin eta gero, gauzak aldatu egingo dira guretzat. 2006ko egoera ez zen gaurkoa, eta, beraz, ezin dugu hiruko ituna errepikatu. Orain ez nuke koalizioan gobernatuko, batzuen eta besteen proposamenak ezberdinak direlako». ERCrekin ezinezkoa da esperientzia errepikatzea, haren ustez; «Gobernua osatzearren independentziari buruzko erreferendumera deitzea eskatzen dute, baina hori ezin dugu gure gain hartu». Irabazteko itxaropenari hari izpi bat besterik ez dio uzten: «Irabazteko ilusioa daukat, baina errealista naiz, ez ameslaria». Amesten hasita, noizbehinkako laguntzarekin bakarrik gobernatu nahi luke, baina abstentzioaren indarrari beldur izan behar diola ohartarazi diote inkestek.
Ez errepikatzeko esperientzia
ERCrekin abentura ez zaio ongi atera, baina beste faktore batzuk ere izan ditu kontra. Kataluniako Legebiltzarrean Estatutua onartuz geroztik Espainiako Auzitegi Nazionalean izan duen «murrizketa iraingarria», mugimendu independentista suspertzearen erruduna. PPk Katalunian etengabe, nekaezin, egin duen politika «asaldatuak eta faxistak» ekarri dion gainbehera. Alderdi popularraren igoera iragarri dute inkestek, baina boto kopuruan izan dezakeen igoerak baino gehiago sozialistengan eragin dezakeen desmobilizazioak egingo diola kalte ziur dago: «Zer dira ba hamalau eserleku 135en artean? PPren lurra eta sabaia antzekoak dira Katalunian. Hori baino okerragoa da besteok egiten duguna estaltzen duela». Independentista gehiago egotea, berriz, «litekeena da, baina litekeena da ere itxura apur bat faltsua izatea. PPk eman duen mezuari erantzuna da».
Independentzia, ordea, «liskarrerako gaia besterik ez da», eta herritar gehienek ez dutela hori nahi uste du. «Banatu besterik ez gaitu egiten, eta, gainera, hori ez da arazorik garrantzitsuena gaur egun». Garrantzitsuena ez den arren, badaezpada, CiUk horretan duen jarrera nabarmendu nahi izan du: «CiUren programa alde horretatik grisa da, oso anbiguoa. Ez dakizu zer bozkatzen duzun haiei botoa emanez gero: edo baiezkoa edo ezezkoa».
Hirukoa errepikatu ez, irabazi seguruenik ere ez, baina horretarako zirrikituren bat geratuz gero, badaezpada argi utzi nahi die berarengana joan daitezkeen boto-emaileei zer den azkena egingo lukeena: «CiUk ez bezala, nik zin dagit ez dudala PPrekin inolako itunik egingo».
Artur Mas CiUko buruari babesa emateko aukera ere ezeztatu du: «CiUri gure babesa ematea oso zaila ikusten dut; ez litzateke ona izango Kataluniarentzat». Garbi jokatu ez izana leporatu dio: «CiUren kanpaina beldurrean oinarritzen da, eta hala ez da harritzekoa parte-hartze maila baxua izatea. CiUk, gainera, ez du esaten argi eta garbi bere proposamenak zeintzuk diren». Masek irabazteko «edozer» egingo lukeela uste du, «akordio bat PPrekin edota Esquerrarekin».
Zapaterori kalte
Espainiako Gobernuarentzat Katalunia galtzeak haren amaiera gertuago jartzen dutela dioten ahotsei buruz ere mintzatu daJose Montilla: «PSCk hauteskundeak ez irabazteak ez lioke Zapaterori arazo berezirik ekarri beharko; hori bai, ez litzateke ona izango PSOErentzat, baina horren txarra ere ez. Hala ere, PSCk irabaztea Espainia osoarentzat litzateke ona, gobernu aurrerakoi eta sozialistak krisialditik atera eta gizarte batuari eutsi ahal izateko».
Krisia Kataluniako arazo bakarra ez dela gogorarazi du: «Kataluniako finantzak jaitsi direla kexu dira gainontzeko alderdiak, baina ekonomia Katalunian eta mundu guztian jaitsi da». PSCk arazo ekonomikoei aurre egiteko gaitasuna duela esan du: «Gainontzeko alderdien leloa arazo guztiak kanpotik datozela esatea izan da, eta ez da horrela. Daukagun Estatutuak autogobernua eta ekonomia askatasuna eskaini dizkigu, eta horrek esan nahi du gure esku dagoela konponbideak bideratzeko ardura». Horregatik, argi dauka bere gobernuak gogor egin duela lan Kataluniako ekonomia suspertzen, lanpostuak sortzen eta azpiegitura berriak egiten. «Beste kontu bat da ez dugula asmatu egindakoa behar bezala saltzen».
Arazo ekonomikoek ez ezik, etorkinek eta arazo sozialek ere kezkatzen ditu: «Katalunian ekonomiaren garrantzi bereko bestelako arazoak ditugu, eta horiei ere erantzuteko prest gaude». PPk etorkinekin erakutsi duen jarrerarekin kritikoa da: «Alderdi popularrak eraso hirukoitza bideratu du Kataluniaren aurka: hizkuntza mespretxatuz, Estatutua gutxietsiz eta elkarkidetza eta errespetua apurtuz. Etorkinekin urrunegi joan dira; demagogia eta populismoa egiten dute, ez besterik».
«Irabazteko ilusioa daukat, baina errealista naiz, ez ameslaria»
Hirukoa amaitu da Generalitateko presidentearentzat, eta, inkesten arabera, Kataluniako aro sozialista ere bai; gainbeheraren faktoreak azaldu eta azken aukera izan nahi du gobernatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu