Arratsaldeko lauak baino zertxobait lehenago eraman dute Radovan Karadzic Bosniako presidente serbiar ohia Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegira, Hagan (Herbehereak). Gerra kriminaltzat daukate Karadzic eta gaur hasi da haren kontrako auzibidea Hagako epaitegian. Oro har, genozidioa, gerrako krimenak eta gizateriaren kontrakoak leporatzen dizkiote, hamaika kargu zehatzetan aletuta.
Atxilotu zutenean iragarri zuen bezala, defentsako abokaturik gabe agertu da epaimahaiaren aurrera, eta bere burua berak defendatuko duela berretsi du. Alphonse Orie epaimahaiburuak behin baino gehiagotan esan dio abokatua izateko eskubidea duela, eta defentsaz bera arduratuko dela eta lege aholkulariak badituela erantzun dio Bosniako serbiarren buruzagiak.
Karguak entzunda, 30 eguneko epea du bere burua errunduntzat edo errugabetzat duen azaltzeko eta defentsa prestatzeko. Epe hori agortu egin nahi duela adierazi du Karadzicek, eta horrenbestez, abuztuaren 29an jarri dute hurrengo auzi saioa.
Belgraden atxilotu zutenen "tratu irregularra" jaso zuela salatu du Karadzicek agerraldian; areago, "bahitu" egin zutela eta atxilotu zutenek legez zegozkion eskubideak urratu zituztela salatu du. Era berean, bere burua "arriskuan" sumatzen duela esan du. Gainera, 1996an AEBekin immunitate hitzarmena egin zuela ziurtatu du, ezkutuan egotearen truke. Epaiamahaiak halako tratuen inguruko ezer ez dakiela eta halakoekin zerikusirik ez duela erantzun dio Orie epaileak.
Bosniako presidente serbiar izana joan den astean atxilotu zuten Serbiako zerbitzu sekretuek, Belgraden. Nolanahi ere, gerra kriminalak justiziaren esku uzteko eskura zuen guztia ez egitea leporatu izan diote maiz Serbiari. Horregatik, hamahiru urte justiziatik ihesi ibili ondotik, kriminal bilatuenetarikoa atxilo hartu izana eskertu diote Serbiari. Gainerako estradizio prozesuetan gertatu ez bezala, Karadzic Hagara eramateko tramiteak egun gutxitan bete ditu, gainera. Hori hala, Serge Brammertz Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiko fiskal nagusiak txalotu egin zuen atzo Belgraderen jarrera.
«Auzitegi honekin lankidetzan jarduteko konpromisoa indartu du Serbiak. Gerra kriminalentzat ez dago atxiloketa beste biderik, eta dago iheslarientzat babesleku segururik», adierazi zuen Brammertzek. Estraditatzea gerrako biktimek luze itxaron duten eguna dela gehitu du. Karadzic Belgraden bizi zen atxilotu zutenean. Medikuntza alternatiboan lan egiten zuen, gezurrezko nortasunaz baliatuz.
Bestalde, irailean Serbiako agintariekin bilduko dela adierazi zuen fiskal nagusiak, Karadzicen atxiloketaz geroztik lehenengo aldiz. Urte honen amaieran, berriz, Serbiak egindako aurrera urratsen inguruko txostena aurkeztuko dio EB Europako Batasunari. Nazioarteko justiziarekin lankidetzan jarduteko duen prestasunaren berri emango du orduan Brammertzek.
Karadzicen atxiloketa eta estradizioa aurrerapausotzat jo badu ere, Goran Hadzic Kroaziako serbiarren buruzagi ohiak eta Ratko Mladic Serbiako armadaburu izandakoak aske jarraitzen dutela gogorarazi dio Belgradi.
Milosevicena gogoan
Slobodan Milosevic Serbiako presidente ohia Hagako espetxean hil zen, epaimahaiak haren aurkako ebazpena eman baino lehen. «Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak ere ikasten du iraganetik». Milosevicen kasuak eragindako frustrazioa gogoan, auzitegiak eragingarritasun handiagoarekin lan egingo duela ziurtatu du Brammertzek: «Karadzicen auziak amaiera arrakastatsua izan dezan ahal dudan guztia egingo dut». Prozesua konplexua izango dela aurreratu du, hala ere, eta horregatik, ez du epaiketaren amaiera datarik zehaztu nahi izan. Milosevicen aurkako epaiketa bost urtez luzatu zen. Jugoslavia ohiko gerra kriminalak epaitzeko epemuga du, ordea, Hagako auzitegiak. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak 2010a bitarteko epea eman zion herrialde horretan 1992 eta 1995 urteen artean egindako krimenenen erantzuleak zigortzeko.
Mundua
Iragarri bezala abokaturik gabe egin du Karadzicek Hagako auzitegiko lehen agerraldia
Defentsaz bera arduratuko dela berretsi du. Bere kontrako hamaika karguak zeintzuk diren zehaztu dio Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiko epaimahaiak. Hilabeteko epea baliatuko du Karadzicek defentsa prestatzeko eta abuztuaren 29an izango da hurrengo auzi saioa. 1996ean AEBekin immunitate hitzarmena egin zuela esan du. Halaber, bere burua arriskuan ikusten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu