Iragarritako garaipenaren zain

Presidentea aukeratuko dute gaur aljeriarrek; Abdelaziz Buteflikaren eskuetan jar dezakete agintea, hirugarren aldiz

2009ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Abdelaziz Buteflika Aljeriako jarduneko presidenteak aukera guztiak ditu gaur egingo diren presidentetzarako bozak irabazteko, eta, hartara, kargua hirugarrenez eskuratzeko. Ezen, boz hauetara lehiatzen diren beste bost hautagaiek ez dute mentura askorik agintari historiko honi gailentzeko. Buteflikaren boterea kolokan jartzeko aukera gehienak zituzten indar politikoek, izan ere, abstentziorako deia egin dute, hauteskunde hauetan zinezko demokraziarik ez dela agerian utzi nahian.

Hamazazpi egun iraun duen presidentetzarako hauteskunde kanpainan, hurrengo bost urteetan gauzatu nahi dituen egitasmoak etengabe haizatu ditu lau haizetara Buteflikak -gaur egun 72 urte ditu-. Besteak beste, hitzeman du 1999ko eta 2004ko bozetan garaile irten zenak aldaketa sakonei eutsiko diela, nazioa berradiskidetzeko prozesuan aurrera jarraituko duela, 200.000 enpresa txiki eta ertain sortuz hiru milioi lanpostu sortuko dituela eta milioi eta erdi etxebizitza eraikiko dituela. Aljeria sendo eta lasai baten alde: horixe izan da bere kanpainaren leloa.

Buteflikak jakin badaki ziurtatuta daukala garaile irtetea gaur egungo baldintza politikoetan. Kezka eragiten dion kontu bakarra da boto emaileen zenbateko parte-hartzearekin lortuko duen bere hirugarren garaipena. Ezen, oposizioko indar politiko nagusiak diren FFS Indar Sozialisten Fronteak eta RCD Demokrazia eta Kulturaren Aldeko Elkartzeak abstentziorako deia egin diete herritarrei. Bozetan ez direla gutxien-gutxieneko baldintza demokratikoak egon iritzi diote bi alderdiok. Said Saadi buru duen eta berbereak nagusi diren RCDk «doluaren egun» gisa izendatu du biharko bozketa eguna. FFSk, berriz, presidentearen aginteari txartel gorria ateratzea eskatu die herritarrei.

Buteflikak, baina, parte-hartzea ahal bezain handia izatea gura du. Batna hirian kanpainako lehen mitinean egindako adierazpenak horren isla dira: «Botoa eman ezazue, hori nire kontrakoaedo boto zuria bada ere, baina bozkatzera joan zaitezte». 2004ko apirilean egin ziren presidentetzarako bozetan, %57,78 izan zen parte-hartzea. Buteflika lehiatu zen lehen hauteskundeetan, 1999. urteko apirilean, berriz, %60,25 izan zen parte-hartzea. Datuok, hala ere, Aljeriako Barne Ministerioarenak dira, eta gezurrezkotzat jo dituzte, bi aldietan, aurkariek.

Emakume bat lehiatuko da

Jarduneko presidentearen kontra beste bost hautagai lehiatuko dira, horien artean emakume bat. Louise Hanunek Langileen Alderdia indar troskista ordezkatuko du bozetan. Ekonomiaren benetako aldaketa batentzako, hitza herriari lelopean 40 mitin eman ditu Hanunek Aljerian. Bere egitasmo politikoaren oinarriak nekazaritza lurren erreforma gauzatzea, enpresa publikoak bultzatzea, funtzio publikoaren bizkortzea, gazteentzako lanpostuak premiaz sortzea eta demokrazia parte hartzaile bat eratzea dira. Hanunek botoen %1,20 besterik ez zuen lortu duela bost urteko bozetan.

Mussa Tuati FNA Aljeriako Fronte Nazionalaren hautagaiak «aldaketaren beharra» aipatu du hauteskunde hauetan lehiatzeko arrazoi nagusi gisa. Jarrera kontserbadoreak azaldu ditu, baina, alderdi horrek. Aljeriara atzerriko langileak joatea gaitzetsi du, hala, hautagaiak, bertakoei kalte egiten diela argudiatuta. Aljerian indar nuklearra garatzearen kontra agertu da, alta, Tuati.

Ali Fauzi Rebaine hautagai independenteak -2004an bozen %1 eskuratu zuen- gizarte zibilaren suspertzeko, estatuko instituzioak sakon aldatzeko eta hezkuntza sistema goitik behera berrikuskatzeko asmoa agertu du.

Alderdi islamikoak

Muturreko islamisten indarkeriari amaiera emateko asmoz, presidenteak 2000. urtean berradiskidetze nazionala abian jarri zuen egitasmoari eusteko planteamendua agertu du, aldiz, Al Isla alderdi islamistaren izenean lehiatuko den Jaid Junsik. Indarkeria oldearen biktimei babesa eta sostengua emateko, islamari merezi duen lekua emateko eta elikapen beharrei erantzuteko egitasmoez mintzatu zaie herritarrei.

PJL Askatasuna eta Zuzentasunaren Alderdiak ere sustrai islamikoak ditu; Mohamed Said Belaidek zera aldarrikatu du: batasun nazionala bermatzea, arlo publikoa suspertzea, gazteen lan arazoei lehentasunez erantzutea eta demokrazia sendotzea.

Aljerian gaur bozkatzera joango badira ere, Frantzian bizi diren aljeriarrak larunbatean ekin zioten botoa emateari. Frantzia eta Aljeria artean izandako iragan historikoengatik,komunitate hori izan da beti Aljeriatik kanpoko hautesle kopuru handienekoa. Zehazki, jatorri aljeriarra duten 776.000 lagun inguru daude erroldatuta Frantzian: Paris, Lyon eta Marseilla inguruetan bizi dira bereziki. Frantziako aljeriarren parte-hartzea %33 izan zen 2004an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.