«Gerra hotzaren pareko borroka ideologikoan gaude murgildurik», esan zuen AEBetako presidenteak atzo zabalduriko elkarrizketa batean. Al Kaedari «gorrotoaren ideologia» izatea egotzi zion, eta bere burua «itxaropenaren ideologiaren» ordezkari gisa aurkeztu zuen.
EGURALDIAZ MINTZO. George eta Laura Bushek burua makurtu zuten kanpaia entzuterakoan, lehen hegazkinak World Trade Centerreko dorreetako bat jo zuen orduan. Zero Eremuan bildu zen jendetzak goizeko lehen isilunea egin zuen, etxeorratzetan hildako senideen erretratuak eta AEBetako banderak eskuetan. Eguraldia zegoen askoren ahotan. Izan ere, atzo eguzkitsu baina fresko hasi zen goiza New Yorken, duela bost urteko egun hartan bezala.
Isilunea egin zuten gero ere bigarren hegazkinak beste dorrea jo zuen orduan, lehen dorrea erori zenean, eta, azkenik, bigarrenaren oinarriek huts egin zutenean.
Bertsio ofizialaren arabera, Al Kaeda erakunde armatuak koordinaturiko 18 ekintzailek lau hegazkin bahitu zituzten 2001eko irailaren 11n. Horietako bi New Yorkeko Dorre Bikien kontra eraman zituzten. HirugarrenakAEBetako Defentsa Ministerioaren egoitza jo zuen, Pentagonoaren kontra, alegia. Laugarrena, landa eremu batean erori zen, bidaiariak bahitzaileen aurka matxinatu zirenean. Ia 2.973 pertsona hil ziren, datu ofizialen arabera.
Ondoren, «terrorismoaren aurkako gerra» aldarrikatu zuen Bushen gobernuak. Afganistan inbaditu zuen AEBek zuzenduriko herrialde koalizioak urtearen amaieran, agintetik kanporatzeko ustez Al Kaedari sostengua emaniko talibanak. Eta 2003ko udaberrian Irak inbaditu zuten AEBek eta horien aliatuek. Horrez gain, atxiloketa gune ezkutuak sortu zituen CIAk mundu osoan, Al Kaedarekin lotzen dituzten pertsonak «galdekatzeko», eta Kubako Guantanamo badian kontzentrazio esparru bat eraiki zuten, gatibuak lege babesik gabe giltzapean izateko. «Terrorismoaren aurkako borroka» honen ondorioz, gutxienez 92.469 pertsona hil dira munduan, IISS Ikerketa Estrategikoen Nazioarteko Institutuaren datuen arabera.
BATASUNA ETA BANAKETA. «Ez da beste erasorik egon AEBetan. Eta hori ez da istripua». Hitzokin Etxe Zuriaren politika defendatu zuen Dick Cheney presidenteordeak atzo. Washingtonek hasitako kanpaina «misio sakratutzat» jo zuen Cheneyk. Udazkenean Legebiltzarrerako bozak egingo dituzteAEBetan, eta erasoen bosgarren urteurrena politikoki erabiltzea egotzi dio oposizio demokratak Gobernuari. «Cheneyk gure nazioaren atzerri politikan izaniko itzalaren ondorioz, Amerikak arrisku handiagoa du gaur egun», esan zuen atzo Harry Reidek, demokratek Senatuan duten buruak.
Nazioartean ere ikusi ahal izan zen atzo Bushen politikak eraginiko banaketa. Australiako lehen ministroak, John Howardek,AEBen jarrera defendatu zuen, alde batetik. Borroka «garaipenarekin» amaituko dela esan zuen. David Cameron, Erresuma Batuko alderdi kontserbadoreko buruak, berriz, Bushen politika gaitzetsi zuen, eta haren «politika manikeoa» salatu zuen. «Kezkagarria da ikustea zenbat pertsonak uste duten AEBak munduko botererik gaiztoena direla», esan zuen.
«Indar, indar eta indar gehiagoren politikak huts egin du. 'Terrorismoaren aurkako borroka' okerra dela frogatu da», idatzi zuen atzo Pakistango The Nation egunkariak. «Etxe Zuriak munduko musulmanak bi taldetan banatu ditu: Amerikaren aldekoak eta kontrakoak», iritzi dio Indonesiako Majelis Mujahidin alderdi islamistako buru Irfan Auasek.
Zero Eremuan protestak ere izan ziren ekitaldi ofiziala egiten zen bitartean. Utzi irailaren 11 esplotatzeari, zioen manifestarien txarteletako batek.
Eraso gehiago iragarri ditu Al Kaedak
Al Kaedaren «hurrengo helburuak» Persiar Golkoko herrialdeak eta Israelizango direla ohartarazi du Aiman al Zauahiri, Al Kaeda erakundeko bigarrenak, atzo Al Jazeera telebistak aireraturiko bideo baten bitartez.«Ez galdu denbora tropa gehiago bidaltzen Irakera eta Afganistanera, galduak baitaude. Horren ordez, bidali soldadu gehiago bi eskualdeetara. Lehenbizi golkora, handik bota behar zaituztelako, eta, bigarrenik, Israelera», dio Al Zauahirik bideoan. Joan zen astean zabaldurikoa ez bezala, Bin Ladenen laguntzailearen grabazioa berria da. Hartan, ustez 2001eko irailaren 11ko erasoetan parte hartu zuten ekintzaile batzuk agertzen ziren, Bin Ladenekin batera, erasoaprestatzen. Atzokoan, berriz, Libanoren kontrako erasoaz, eta Hezbolak zein militante palestinarrek preso harturiko soldaduen kasuaz mintzo da Al Zauahiri. Grabazioa 16 minutukoa da.
«Zuen buruzagiek hondamendiaren tamaina ezkutatzen dizuete», esaten du Al Kaedako bigarrenak, Mendebaldeko estatuetako herritarrei zuzenduta. «Datozen egunek, Alaren baimen eta zuzendaritzarekin, gertakari berriak ekarriko dituzte», ohartarazten du.