Sable-sur-Sarthe hiriko ikastetxe batean (Sarthe departamendua) 23 lagun, hauen artean 21 ikasle, gatibu hartu zituen irakasle ohi batek. Bost ordu geroago, bere burua entregatu zuen.
Lanik gabe dagoen irakasle ohi batek 21 ikasle, irakasle bat, eta begirale bat gatibu hartu zituen atzo, 13.000 biztanle inguru dituen hiri honetako Colbert de Torcy lizeoan. Egitate honekin, bahitzaileak bere egoera nekezkoaren berri nahi zuen eman.Nekezia hauez hitz egin nahi zuen Sable-sur-Sartheko auzapez eta Hezkuntza ministro izandako François Fillonekin.Bahiketa 15.00ak inguruan hasi zen, 33 urteko gizonezko bat sartu zelarik Sable-sur-Sartheko Colbert de Torcy lizeoko klase batean. Han zeuden 16 eta 18 urteren arteko 21 ikasleak, irakasle bat eta zaindari bat gatibu hartu zituen, pistola baten mehatxupean. Berehala jakin zen bahitzaileak lizeoan aldi baterako jarduera bat izan zuela duela bi urte, eta orduz geroztik langabezian zegoela.
Fillon, Londresen
Bahiketa hasi orduko, 1.500 ikasle inguru dituen lizeoko beste klaseak hustu zituzten. GIGN Jendarmeriaren unitate bereziko 40 kideiritsi ziren Sable-sur-Sarthera eta hauek zuten bahitzailea bere burua entregatzera eta gatibu hartutakoak aske uztera konbentzitu.Negoziaketan parte hartu zuten, halaber, Stephane Bouillon Sartheko prefetak eta Jean Elek Le Manseko prokuradoreak. Bahiketa amaitu eta gero, prefetak jakinarazi zuen bahiketa egileak zeukan pistola ez zela benetako arma bat. Bahitzailearekin izan zituen hizketaldiei dagokionez, prefetak zera azaldu zuen: «Egin zaigun eskaera bakarra zen François Fillon jaunarekin hitz egin nahi zuela».
Azken bi urteotan bizi duen egoera nekeaz berri eman nahi zion Hezkuntza ministro izandako eta Sable-sur-Sartheko alkate ohi François Filloni. Hau, Londresen zegoen atzo, eta Frantziarako bidea hartu zuen bahiketaren berri jakin orduko. Gilles de Robien jarduneko Hezkuntza ministroa ere joan zen Sable-sur-Sarthera.Lekuko batek emandako testigantzaren arabera, lizeora joan aurretik, bahitzailea Sable-sur-Sartheko Udaletxean azaldu zen eta François Fillonekin hitz egitea eskatu zuen. Fillon, baina, ez da alkate 2001. urteaz geroztik. Dominique de Villepinen gobernuburu izendatua izan zelarik, Hezkuntza Ministerioa utzi behar izan zuen, eta Sartheko senatari da gaur egun.Anartean, Frantziako itsasozbestaldeko departamenduetan bisitaz dabilen Nicolas Sarkozy Barne ministroak Guadalupen jaso zuen gertaeren berri. Finkatuta zeuzkan hitzorduak bertan behera utzi bazituen ere, ez zuen Frantziarako bidea hartu. Harekin batera, Antilletan bisitaz dabiltzan Polizia eta Jendarmeriako zuzendari nagusi Michel Gaudin eta Guy Parayrerekin gertakariaz hitz egin zuen eta bere kabinete zuzendariarekin harremanetan izan zen. Bahiketa gora beherarik gabe amaitu zela jakin orduko, Sartheko prefetari eta GIGNko buru Gallois komandanteari goresmenak helarazi zizkien Sarkozyk. Halaxe egin zuen Dominique de Villepin Frantziako lehen ministroak ere.
Irakasle ohi batek 23 lagun bahituta atxiki ditu lizeo batean, bost orenez
33 urteko gizonezkoa langabezian da, eta bere nekeen berri eman nahi zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu