Kurduek Irakeko iparraldean (Hego Kurdistan) estatu independente bat sortzeko posibilitateaz hitz egiten duen Irakeko Gobernuko lehenbiziko kidea da Al Nakib. Baath alderdia agintean izan zenean horren aurka zegoen, baita Kurdistango zatiak dituzten auzoko estatuak ere: Siria, Iran, Turkia eta Armenia. «Ez ditugu behartuko gurekin bat egiteko, eta ez dugu haien kontra borrokatuko. Bere estatua bilatzen duen herri bat zapaltzea ezinezkoa da», gaineratu zuen Al Nakibek.Haren adierazpenak Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek Irango agintariekin bildu eta biharamunera kaleratu zituen Asharq al Awsat-ek. Ankarako eta Teherango ordezkariak bat etorri ziren bien arteko elkarlana sendotzeko, Siria-Turkia-Iran triangeluan estatu kurdu baten eraketa eragozteko, Al Hayat egunkariaren arabera. Gainera, atzo Erdoganek esan zuen espero duela Iranek «talde terroristen zerrendan» sartzea Kongra-Gel Kurdistango Herriaren Kongresua, lehengo PKK. Hil honetan Irango Armadak sarekada handiak egin ditu Turkiaren menpeko Kurdistandik ihesi Iranen menpekoan aterpetutako gerrillari kurduen kontra. Horietan, gutxienez 10 gerrillari hil eta bi soldadu irandar hil ziren. Iranek ere gutxiengo kurdu bat du bere estatuaren mugen barrenean, eta Turkiaren kezkak partekatzen ditu, hau da, Iraken menpeko Kurdistanen kurduek autonomia handiagoa edota estatua lortuko balute, inguruko estatuetako kurduek etsenplua jarraitu nahi izango luketen beldur dira. Hego Kurdistani Iraken mende dagokionez, Erbil, Suleimania eta Dohuk probintziek osatzen dute, eta 1990eko hamarkadaren hasieratik, hainbat borrokaren ondorioz, autonomia zabala du.
Konferentzia Nazionala
Bien bitartean, larunbat honetarako aurreikusia zegoen Irakeko Konferentzia Nazionala heldu den abuztuaren 15a arte atzeratzea erabaki dutela jakinarazi zuen atzo batzorde antolatzaileko presidente Fuad Massumek. Honek ukatu egin zuen egonkortasun eza izan dela bilkura atzeratzeko arrazoia. Azaldu zuenez, Nazio Batuekin dituzten arazo jurdikikoak, «datozen asteotan kopondu beharrekoak», izan dira horren kausa.
«Herrialdeko talde ezberdinekin hitz egiten eta lanean segitu beharra dugu, Konferentzia egiteko», gehitu zuen Massumek. Bere aldetik, NBEk Irakerako duen ordezkari Jamal Bin Omarrek esan zuen erakundeak ez diola inolako presio motarik egin Bagdadeko gobernuari Konferentzia atzeratzeko. «Konferentzia une historikoa izango da, herri irakiarreko talde guztiak bilduko baititu». Konferentzia Nazionalaren xedea behin-behineko gobernua aholkatuko duen erakunde bat hautazea da; berau etorkizuneko legebiltzarraren abiapuntua izatea espero da.Konferentzia Nazionalaren ideia NBEren Irakerako aurreko ordezkari Lakhdar Brahimik proposatu zuen, Afganistango Loya Jirgan oinarritua. Brahimirentzat, funtsezkoa da Irakeko konposaketa etniko, politiko eta erlijioso zabal eta arrunt ezberdinaren arteko kontsentsua, iraganeko zauriak sendatuko badira. Bilkuran Irakeko 18 probintzietatik 550 ordezkari inguru dira elkartzekoak, baita tribu eta alderdi politikoetako beste 350 ere. Beste batzuk Massumen batzordeak izendatu ditu.
Indar arabiar eta islamikoak
Irakeko behin-behineko lehen ministro Iad Alauik eta Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Colin Powellek Jeddan (Saudi Arabia) eginiko bileran Irakerako baketze indar arabiar eta musulmanak hedatzeko Saudi Arabiako Gobernuaren proposamena aztertu zuten atzo. «Ondo ikusten dugu tropa musulmanak edukitzearen ekimena, koalizioaren indarren zati gisa edota bereizita», esan zuen Powellek.
Ildo horretan, Liga Arabiarrak Irakeko egoera jarraitzeko osatutako batzordeak proposamena aztertu zuen atzo Tunezen. Halere, Liga Arabiarrak atzo berretsi zuenez, erakundearen jarrera ofiziala NBEren Segurtasun Kontseiluaren agindurik gabe tropa arabiarrak ez bidaltzea da.Bestalde, atzo kamioilari somaliar bat bahitu zuen talde islamista batek, eta haren Kuwaiteko enpresak «okupazio indarrak hornitzeari utzi ezean», lepoa egingo diola mehatxatu zuen. Beste talde batek bi bahitu pakistandarri lepoa moztu zien atzo. Horrez gain, ekintzaile irakiarrek Poloniako soldadu bat hil eta beste sei zauritu zituzten Mandlul hirian, Babilonian.
-
NATO
Irakeko Armada trebatzeaz adostasun bila, oraindik
NATOren erabakigune gorenak, Kontseilu Atlantikoak, gaurko utzi du Irakera bidali nahi duen trebakuntza misioaren gaineko akordioa. Izan ere, kontseiluko kideak ez ziren bat etorri misioak izan behar duen aginte egituraren gainean. Misioaren egitasmoa Irakeko segurtasun indarrak militarki entrenatzea da, baina AEBak, batetik, eta Frantzia, bestetik, ez dira ados jartzen tropak trebatzeko lekuan. Washingtonek nahi du abuztutik aurrera NATOk irakiarrak Iraken bertan treba ditzala; Parisek, ordea, nahiago du erakunde atlantikoko kideen lurraldeetan gauzatzea eta NATOko tropak eta AEBek gidatzen duten «koalizioa» deituarenak bereiztea.