Munduko petrolio erreserben zerrendan hirugarren lekuan dago Irak. Orotara 115.000 milioi upel ditu, eta egunean 2,5 milioi upel ekoizten ditu. Bi urteko epeanekoizpena hiru milioi upelekoa izatea espero dute, eta horretarako, herrialdeko putzu nagusiak atzerriko enpresek kudeatu ditzaten oniritzia eman du Bagdadek. Multinazionalek putzuak ustiatzeko baimena izango dute. Irakeko Gobernuak eskaintzak egiteko proposamena egin die atzerriko 35 enpresari. Eskaintza onenak aurkezten dituzten enpresek jasoko dute putzuak ustiatzeko baimena.
Kirkuk, Bai Hasan, Misan, Mendebaldeko Kurna, Rumaila eta Zubairko putzuak kudeatzeko aukera izango dute, hartara, atzerriko enpresek. Irakek, aldi berean, bi gas erreserba kudeatzeko baimena emango die atzerriko enpresei.
Irakeko Legebiltzarra petrolio legea onartzeke duenean egin du eskaintza Gobernuak. Hussein Sharastani Petrolio ministroaren arabera, multinazionalek «laguntza teknikoa» ematera mugatu beharko dute euren lana, putzu nagusiak zaharkituta gelditu direla onartuz. Orotara 120 enpresak agertu dute hango petrolioa kudeatzeko asmoa, baina ministroaren hitzetan, soilik 35ek betetzen zituzten baldintzak. Exxon Mobil (AEB), BP (Erresuma Batua), Total (Frantzia) eta Shell (Erresuma Batua-Herbehereak) enpresek jada nolabaiteko akordioak hitzartu dituzte jakinarazi zuten iturri ofizialek.
Irak eta Afganistango gerrako gastuei aurre egiteko, bestetik, 162.000 milioi dolar baliatzea baimentzen dion legea onartu du George Bush Estatu Batuetako presidenteak. Bost urtean 650.000 milioi euro gastatu ditu Washingtonek Iraken.
Irakek petrolioa ustiatzeko bidea ireki die atzerriko multinazionalei
Atzerriko 35 enpresari sei petrolio putzu nagusiak kudeatzeko eskaintza egin dezaten eskatu die Bagdadek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu