Mundua

Irakeko armadak berreskuratu du Ramadi

Al-Anbar probintziako hiriburua maiatzetik dago EI Estatu Islamikoaren menpe. Siriako armadak herenegun buruzagi matxino bat hil ondoren, EIren erretiratzea eten dute Yarmuk kanpalekuan.

Irakeko soldaduak Ramadirantz hurbiltzen, joan den asteartean, erasoaldia hasi zuten egunean. STR / EFE
mikel rodriguez
2015eko abenduaren 27a
08:03
Entzun

Irakeko armadak atzo adierazi zuen Al-Anbar probintziako gobernuaren egoitzatik 800 metrora zegoela, Ramadi hirian. Herenegun arratsean lortu zuen EI Estatu Islamikoaren kontrolpean dagoen azken auzoan sartzea, eta «azken erasoa» falta zuen probintziako hiriburua kentzeko muturreko talde islamista sunitari. Dena den, Yahya Rasul armadako bozeramaileak ez zuen jakinarazi nahi izan noiz hasiko zuten azken ekinaldi erabakigarria. «Kanpainaren lehentasuna da zibilen eta tropen artean bajarik ez izatea, [erasoaldiak] zenbat denbora hartuko digun kontuan eduki gabe», erran zion Reuters agentziari. Azkenean, gaur bertan egin dute azken erasoa.

Sirian, berriz, gobernua EIren aurkako garaipen garrantzitsu bat berrestekotan zen atzo, hitzartua baitzuten muturreko talde islamista sunitak Damasko ondoko Yarmuk errefuxiatu palestinarren kanpamentua uztea. Hala ere, erretiratzea bertan behera utzi zuten atzo, Islamaren Armada talde matxinoko buruzagia aire eraso batean hil zutelako bezperan, Damaskoren ekialdean.

Irakeko armadako bozeramaile Rasulek adierazi duenez, AEBek zuzentzen duten nazioarteko koalizioak airetik lagundu die EIk paratutako «lehergailu tranpak» zartarazten, eta horren ondorioz lortu dute Hoz auzoan sartzea. Hor daude Al-Anbarko gobernuaren egoitza eta Poliziaren zuzendaritza, bertzeak bertze. Anbar probintziako gobernuko bozeramaile Athal Fahdawik herenegun argitaratutako ohar batean adierazi zuen EIk Ramadiren «%80 suntsitu» duela. Asteartean hasi zuten hiria hartzeko erasoaldia, eta armadak adierazi zuen uste zuela EIk 300 miliziano zeuzkala Ramadin.

Armadarentzat, EIren aurkako borrokan galdutako sinesgarritasuna berreskuratzeko proba erabakigarria da Ramadi berreskuratzea. Orain arte EIren aurka egin dituen erasoaldietan milizia xiitek hagitz parte hartze garrantzitsua izan dute, eta militarki armada baino talde eraginkorragoa izan dira. Ramadiko erasoaldian, ordea, gobernuak milizia horiek baztertu ditu, eta soilik armada erabiltzea erabaki du. Al-Anbar probintzian herritarren %90 baino gehiago arabiar sunitak dira, eta gobernuak sektarismo itxura ematea eragotzi nahi du. Martxoan Tikrit berreskuratu zutenean —gehiengo sunita duen bertze hiri bat—, milizia xiitek salaketa dezente jaso zituzten herritar sunitei jazarri zitzaizkielakoan. EIren ideologia islamismo sunitaren muturreko interpretazio batean oinarritzen da, eta, horregatik, Sirian eta Iraken sunitak gehiengoa diren eremuetan finkatzea lortu du —kurduen lurraldeetan izan ezik—. Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroak herenegun adierazi zuen soilik Ramadi berreskuratu ondoren hasiko dutela Mosul hartzeko erasoaldia. Bagdaden ondoren Irakeko hiri handiena da Mosul, eta iazko ekainetik dago EIren menpe. Haren konkistak bermatu zuen taldearen hazkunde ikusgarria.

Ihesbidearekin zalantzak

Sirian, berriz, EIk, Al-Qaedari lotutako Al-Nusra Fronteak eta bertze talde matxino batzuek Damasko ondoko Yarmuk kanpalekutik eta bertze bi auzotatik egitekoa zuten erretiratzea bertan behera gelditu zen atzo, Libanoko Al-Manar kateak eta Siriako Giza Eskubideen Behatokiak —Ingalaterratik jarduten duen oposizioko talde bat— jakinarazi dutenez. Bezperan armadak aire eraso batean Zahran Alux Islamaren Armadako buruzagia hil zuen Damasko ekialdean. Iturri horien arabera, matxino taldeen erretiratzeko bidean dago Alux hil zuteneko ingurua, eta kexu dira ihesbidea ez dela segurua.

Aluxen taldeak hil honetan Saudi Arabian hitzarmen bat sinatu zuen oposizioko bertze talde batzuekin. Bertan gobernuarekin negoziatzea onartu zuten, baina baldintzatzat paratuta Baxar al-Assad presidenteak aitzinetik boterea uztea. Staffan de Mistura Nazio Batuen Erakundeko bitartekariak atzo adierazi zuen «borroka guneetako gertakariek» ez luketela «oztopatu behar» negoziazio prozesua. De Misturak alde guztiak elkartu nahi ditu Urtarrilaren 25ean Genevan (Suitza).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.