Irakeko armadak bigarren egunez hegazkinekin bonbardatu du Fallujah

Al-Qaedari lotutako milizianoek hartu dute Al-Anbar probintziako hiria, eta Ramadin ere borrokan jarraitu dute

Erredakzioa
2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Orduak igaro ahala, egoera gero eta gehiago larriagotu da Irakeko Al-Anbar probintzian. Armadak bigarren egunez jarraian bonbardatu du Fallujah, hainbat iturrik adierazi ondoren hiri hori Al-Qaedari lotutako ISIL Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoak kontrolpean hartu duela. Iturri ofizialen arabera, talde armatu horretako 30 kide hil zituzten atzo bonbardaketetan. Probintziako Ramadi hiriburuan ere borrokek ez dute etenik izan; bertsio ofizialaren arabera, milizia sunitek eta estatuko indarrek elkarlaneanISILeko 25 kide hil dituzte. Nuri al-Maliki lehen ministroak telebistan adierazi duenez, aireko indarrak ez dira Al-Anbartik erretiratuko «talde armatuak suntsitu eta segurtasuna eta egonkortasuna berrezarri arte».

Fallujahetik iritsitako berriak nahasiak dira. Irakeko kazetari batek Erresuma Batuko BBC kateari adierazi dionez, ISILek tribu sunita batzuen laguntza izan du Fallujah kontrolpean hartzeko. Milizia sunita nagusia, ordea, Salbaziorako Kontseilua, gobernuaren alde ari da borrokan.AEBei aurre egiteko sortu zen Salbaziorako Kontseilua, baina ondoren gobernuarekin bat egin zuen, eta Al-Qaedaren aurkako borrokan engaiatu zen.

Indarkeria sektarioa

Al-Anbarko krisia gobernuak protesta kanpalekuak desegin ondoren hasi zen. Nagusiki sunitek eratu zituzten kanpalekuak, nagusiki xiita den gobernuaren aldetik diskriminatuta daudela baitiote. Armada hiri nagusietatik erretiratu zenean, ISILek Ramadi eta Fallujah hartzeko erasoak hasi zituen. Gobernuaren eta herritar gehienen beldur nagusia da indarkeria sektarioa berriz ere 2006-2007 arteko gogortasunarekin piztuko ote den. Hildakoen kopurua oraingoz garai hartakotik urruti badago ere, AEBen inbasioaren azken urteetan baino jende gehiago hil dute 2013an. Estatuak ere ez du lortu bere agintea herrialde osora hedatzea. Okupazio garaian, triangelu sunita deitu zitzaion eremuan daude Ramadi eta Fallujah.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.