Irakeko armadak milizia xiitekin batera hasi du erasoaldia, Hasiba herrian, Ramadi hiritik 20 kilometrora. Polizia iturrien arabera, bertako komisariaren kontrola eskuratu dute jada.
Apurka-apurka Ramadi erdigunerantz urratsak egitea da armadaren helburua. EI Estatu Islamikoak lehengo astean hartu zituen Al-Anbar probintziako hiri nagusiak. Gobernuaren egoitza nagusia bere egin zuten, eta 50 polizia exekutatu zituzten, berri agentzien arabera. Horrez gain, polizia etxea eta gobernuaren beste eraikinak leherrarazi egin zituzten.
Sirian, Palmira
EIk, aste honetan, Palmira hiria konkistatu du Sirian, eta gobernuari leial zaizkion indarrak kanporatu ditu. Garrantzi estrategiko handiko garaipena izan da Palmirakoa; are gehiago gerturatu dira jihadistak Homsera eta Damaskora, Siriako armadaren gotorlekuetara, eta Deir ez-Zor hirirako hornikuntza bideak eten dizkiete.