Irakeko armadak 28 lagun hil ditu, gutxienez, Ashrafeko iraniarren errefuxiatuen kanpalekuan, eta beste 380 inguru zauritu ditu. Gauez, 2.500 soldadu inguru 65 tankerekin sartu ziren kanpalekuan, eta aurrean topatzen zuten guztiaren aurka tiro egiten hasi zirela salatu dute lekukoek. Mohamed Eghbal, kanpalekuko eledunak, erasoa, Ali Khamenei aiatolak agindu duela salatu du, eta tropak Nuri al Maliki lehen ministroak bidali dituela.
Irakeko Gobernuaren bertsioa oso bestelakoa da. Ashrafeko hilerrian kontrol bat ezartzeko asmoa zutela azaldu dute eta iristerakoan kanpalekuko biztanleak harriekin eraso egin zietela. Liskarrak harrikaden ondoren hasi zirela azaldu dute. Hiru lagun hil dira informazio ofizialen arabera, eta 25 inguru zauritu, hainbat militar tartean. Gobernuak, gainera, ez du onartu errefuxiatuen aurka tiro egin duenik.
NBE gertakariak ikertzen ari da, baina «hainbat hildako» egon direla jakinarazi du. Era berean, lasaitzeko eskatu die Irakeko Gobernuari, armadari eta segurtasun indarrei.
Iragan igandean kanpalekuan armadako ibilgailuak sartzen hasi ziren, eta bertan bizi direnei mehatxuak egin zizkieten. NBEren Irakeko misioak «sarraskia» gerta zitekeela iragarri zuen, eta errefuxiatuek Irakeko armadari Ashrafetik irteteko eskatu zioten.
Izan ere, ez da Bagdad iparraldean dagoen errefuxiatuen eremuak jasaten duen lehen erasoa. 2009. urtean armadako 2.000 soldadu inguruk armatu gabeko errefuxiatuei eraso egin zieten. 11 lagun hil zituzten orduan, eta 500 inguru zauritu. 36 errefuxiatu ere atxilotu zituen armadak erasoaldi hartan.
Mujahidinen amesgaiztoa
Al Maliki xiitaren gobernuak kanporatu egin nahi ditu Ashrafeko errefuxiatuak, izan ere, Iranek, aliatu duen herrialdeak, bere esku nahi ditu oposizioko kideak. Irakeko Gobernuko egungo kide gehienak Iranen babestuta egon ziren, hain justu, Saddam Husseinen garaian.
Irango Mujahidinak (Herriaren Borrokalariak) dira Ashrafen bizi diren errefuxiatuak. Erbestean dagoen Irango oposizioko talderik handiena dira. 80ko hamarkadaz geroztik Teherango Aiatolen erregimenarengandik ihesi dabiltza, eta 1986an akordioa lortu zuten Irakekin. Husseinek 36 kilometro koadroko eremua eskaini zien desertuan, eta bertan eraiki zuten Ashrafeko kanpalekua. Era berean, Husseinek euren askatasun politikoa eta erlijiosoa errespetatzea onartu zuen.
Husseinen erorketarekin, baina, mujahidinek babesa galdu zuten Iraken. AEBekin akordio batera heldu ziren; bere gain hartu zuten errefuxiatuen babesa, horiek armak uztearen truke. Irango programa nuklearraren inguruko informazioa ematea ere hitzarmen horren baldintzetako bat izan zen. AEBek herrialdetik erretiratzea erabaki zutenean, eta Ashraf Iraken esku geratu zenean hasi zen, ordea, mujahidinen amesgaiztoa.
Muwaffaq al-Rubaie estatu segurtasun kontseilariak argi utzi zuen Gobernuaren asmoa zein zen: «Iraken bizitzea eramanezina egingo diegu. Kontrolak ezarriko dizkiegu, miaketak egingo dizkiegu, eta azkenik, eraso egingo diegu». Eta hitza bete du.
Irakeko armadak hainbat errefuxiatu iraniar hil ditu
Ashraf kanpalekua desegin nahi du Irakek; Saddam Husseinen garaian iritsi ziren, 80ko hamarkadan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu