Bagdad iparraldetik 170 kilometrora dago Tikrit, eta ekainetik Estatu Islamikoaren esku dago; duela bi aste, beste erasoaldi bat egin zuen armadak, berreskuratzeko asmotan. ISISek —orain Estatu Islamikoa— kalifa herria aldarrikatu eta biharamunean gertatu zen, baina jihadistek eutsi egin zioten saialdiari.
Gaur, tankeekin sartu dira hirira, eta airez ere bonbardatu dituzte Estatu Islamikoaren menpe zeuden lurrak. Irakeko Defentsa Ministerioak azaldu duenez, terrorismoaren kontrako sailaren eta operazio berezien sailaren babesa du armadak, baita "Tikrit Estatu Islamikoaren arratoien hatzaparretatik aske" uztea nahi duten boluntarioena ere.
Ministerioaren arabera, erasoaldia hasi eta bi ordura armadak lortu du hiriaren zatirik handiena bereganatzea eta gobernuaren eraikin gehienak bere egitea. Poliziaren akademia ere berreskuratu dute. Garaipenaren erakusgarri, Irakeko bandera altxatu dute.