Irakeko dozena bat atentatutan 50 lagunetik gora hil dituzte

Agintariek uste dute krisi politikoak eta AEBetako soldaduak erretiratzeak eragin dutela Iraken indarkeriaren gorakada

2010eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ez da ustea besterik oraindik, baina erasoak ondo koordinatuta egin zituztelakoan daude agintariak. Dozena bat atentatutan 50 lagunetik gora hil zituzten atzo Iraken; jomugan polizia etxeak hartu zituzten. Hori dela eta, hildakoetatik erdiak poliziak edo soldaduak dira. Adituek uste dute gustuko ez dituzten agintarien aurrean egindako indar erakustaldia izan dela atentatu uholdea. Oraindik indartsu eta ondo antolatuta dauden ekintzaileena. Dena dela, eta agintariek erasoak Al Kaedari egotziagatik ere, lerro hauek idazteko orduan oraindik ez zituen inork bere gain hartu.

Erasorik bortitzena Kut hirikoa izan zen. Suizida batek segurtasun hesiaren barruan lehergaiz betetako auto bat leherrarazi zuen han, polizia etxearen eta Gobernuaren bulegoaren artean. Iturri ofizialen arabera, eztandaren ondorioz hemeretzi lagunetik gora hil ziren; hildakoetatik hamabost poliziak dira. Eraso gunetik jasotako lehen datuen arabera, zaurituak 90 baino gehiago dira hegoaldeko hiri horretan.

«Jendea handik ateratzeko asmoz, hara lasterka hurbildu naiz. Gorputz zatiak ikusi ditut lurrean sakabanatuta, eta polizien gorpuak», azaldu du atzo ikusitakoa Jahia al Shimarik, Gobernuarentzat lan egiten duen irakiar batek. «Hamabost bat auto ikusi ditut inguruan kiskalita», gaineratu du. Ualid Khalidek adierazi duenez, halaber, hainbeste zauritu eragin ditu Kut hiriko atentatuak ezen denak ezin izan baitzituzte ospitalera eraman.

Bagdaden ere hildako andana izan zen. Hiriburuko iparraldean bonba-auto bat leherrarazi zuen suizida batek; ondorioz, hamabost lagun hil ziren gutxienez, eta hirurogei inguru zauritu. Hildakoetatik sei poliziak ziren. Kahira auzoan zartatu zuten lehergaia; bonbak hiru metroko kraterra zabaldu zuen.

AEBen erretiratzea

Irakeko zerbitzu sekretuen arabera, atentatuek Al Kaedak egindakoak ziruditen. Dena dela, eraso horiek denak egiteko barneko norbaiten laguntza izan zuelakoan daude; hala, erasotzaileek hainbat sektore politikoren laguntza izan zezaketela jakinarazi dute.

Martxoaren 7an eginzituzten Parlamenturako hauteskundeak Iraken; haatik, gobernua osatzerik ez dute izan ordutik. Alderdien artean aski adostasun nahikoa lortu ezinda, krisi politikoak indarkeriaren gorakada eragingo duen beldur dira agintariak.

Hoshiar Zebari Irakeko Atzerri ministroak uste du atentatu uholdea krisi politikoaren ondorioa ez ezik, AEB Ameriketako Estatu Batuen soldaduen erretiratzeak eragindakoa ere badela. «Gobernuaren geldialdiari, hutsune politikoari... gehi iezaiozu AEBetako tropen erretiratzea. Halako testuinguruetan sare terroristek indarra hartzen dute», adierazi du Zebarik.

Barack Obamak Irakeko gerra operazioen amaiera iragarri zuen hil honen hasieran, eta egutegiarekin bat eginez, soldaduen erretiratzea burutu du dagoeneko. Hemendik aurrera 50.000 soldadu estatubatuar baino ez dira egongo Iraken. Horrek segurtasun baldintzak okertu eta berriro indarkeriak gora egitea eragingo duelakoan daude Bagdaden.

Atzoko atentatu sailaren ondoren, are gehiago. Bagdad iparraldekoa eta Kut hirikoa bortitzenak izanagatik ere, dozena bat eraso gehiago egin zituzten atzo herrialdean barna. Hiriburuan bertan beste bost lagun hil zituzten hainbat erasotan; beste hainbeste gutxienez herrialdeko zortzi probintziatan elkarren segidan egindako erasoetan. Haietan hildako lagunen kopuruaren gainean, haatik, iturri denak ez datoz bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.