Iraken okupazioa

Irakeko egoera "oso larria" dela onartu du Jack Straw Erresuma Batuko Atzerri ministroak

Jack Straw Erresuma Batuko Atzerri ministroak gaur onartu du aurreneko aldiz Irakeko egoera "oso larria" dela. Halaber, esku-hartzeak halako ondorioak izango zituenik inoiz ez zuela susmatu esan du Strawk BBCren Radio 4 irrati katean egin dioten elkarrizketan. Bitartean, gatazka giro gogorra adierazten duten albisteak datoz Iraketik. Falujan okupazio indarrak eta erresistentzia elkarren kontra hasi dira berriro, ordu batzuetako "su-etenaren" ostean. Halaber, Bagdad ondoan beste sei atzerritar bahitu dituztela jakinarazi dute erreboltariek.

2004ko apirilaren 9a
16:36
Entzun
Jack Straw azpimarratu du iazko maiatzaren 1ean gerra amaitutzat jo zutenetik, AEBek eta harek gidatutako nazioarteko koalizioaren indarrek egun bizi dutela "egoera mehatxagarriena".

Hain zuzen ere, giro zertxobait baretze aldera, gaur goizean "su-etena" aldarrikatu dute indar okupatzaileek duela bost egunetik setiatuta duten Faluja hirian. AEBetako iturriek adierazi dute hango buruzagiekin konponbide bat lortzeko harremanak izatea eta herritarrentzako laguntza humanitarioa sarraraztea zela meniaren xedea, baina hirian diren kazetariek azaldu dutenez, atseden txiki baten ondoren, berehala ekin diotela morteroekin bonbardatzeari.

Setioa hasi zenetik 300 irakiar inguru hil dira Falujan, eta asko eta asko dira zaurituak. 300.000 bizilagun ditu Bagdadetik mendebaldera dagoen hiri horrek eta Saddam Husseinen aldeko erresistentzia sunitaren gotorlekutzat hartu izan da. Milaka bizilagunek hiritik alde egin dute egunotan, okupatzaileen indarren eta erresistentziaren arteko borroketatik ihesi.

Falujaren setioak eta zibilen hilketak, gainera, sektore askoren haserrea piztu du, Iraken zein nazioartean. Esate baterako, AEBek bultzatutako Irakeko behin-behineko Gobernuko kide Adnan Pachachik adierazi du operazio hori "ilegala eta onartezina" dela.

Baina Falujan ez ezik, beste hainbat lekutan ere irakiarren eta indar okupatzaileen arteko borrokak puri-purian daude; besteak beste, Basoran, Nasirian, Amaran, Kutan, Kerbalan, Bagdaden, Bakuban eta Ramadin. Saddam Husseinen aldeko sunitak ez ezik, urteetan diktadore ohiaren etsai gogorrak izan ziren xiitak ere okupatzaileen aurka altxatu dira.

Gainera, Iraken tropak dituzten estatuei presio egiteko atzerritarrak bahitzen hasi da erresistentzia. Hiru japoniar dituzte gatibu hartuta, eta Japoniak tropak erretiratu ezean bizirik erreko dituztela egin dute mehatxu. Horrez gain, Reuters albiste agentziak jakinarazi du gaur beste sei atzerritar bahitu dituztela Bagdaden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.