Pizzak banatzen egiten zuen lan eta etorkizun oparoago bat izango zuelakoan eman zuen izena armadan. Chris Capps-Schubertek (AEB, 1984), baina, hiru urte nahikoa izan zituen desertatzeko. Irakeko gerrara bidali zuten eta egun erbesteratuta bizi da Alemanian, Henaun. IVAW Irakeko Beteranoak Gerraren Kontra erakundean egiten du lan eta haren zeregina armadatik atera nahi duten soldaduei babesa ematea da. «Ez diot lan hori egiteari utziko gerrak amaitu artean».
Zer-nolakoa izan zen armadan izan zinen garaia? Kezkarik sortu al zizun gerran militar bat izateak?
Hego Karolinara bidali ninduten armadan sartzean, oinarrizko borrokan trebatzera; espero baino samurragoa egin zen. Ongi moldatu nintzen. Armadan sartu nintzenean uste nuen soldadu gutxi bidaltzen zituztela Irakera; armadako erreserba taldean izena eman nuen, bada, pentsaturik larrialdi egoeran baino ez nindutela bidaliko. Uste hura ustela zela konturatu nintzen oinarrizko trebakuntzako lehen egunean, laster batean argi ikusi bainuen talde guztiak ari zirela txandakatzen gerrara joateko. Artean ez nengoen kezkatuta; jakin-mina nuen, nolabait, gertakizun zegoenaren inguruan. Oinarrizko trebakuntza jasotzen ari nintzenean, baina, ohartu nintzen zerbait txarra gerta zitekeela; Abu Graibeko argazkiak eman zituzten argitara han nengoelarik. Handik gutxira bidali ninduten, eta hango atxilotze sistemari buruzko informazioa eskuratu ahal izan nuen.
2005eko azaroan bidali zintuzten Bagdadera. Zer-nolako eskarmentua izan zenuen Victory kanpalekuan?
Ez ninduten trebatu ninduten zereginean ezarri. Fibra optikoa eta CAT 5 kableak instalatzen eta konektatzen aritu nintzen Cisco routerrean. Haien bidez, komunikazio militar etengabea izateko azpiegiturak ezarri nahi zituzten, baina, ez zegoen banda zabalik, AEBetako militarrek nahi bezala; beraz, milioika dolar gastatu zituzten kanpalekuan zuntz optikoaren sarea ezartzeko. Neure buruari galdetu nion ea zergatik ez ote zuten dirutza hura irakiarrentzat bideratzen.
Bestelako lanak ere egin zenituen, ezta?
Bai, zaintza zerbitzuan ere aritu nintzen, noizbehinka. Ez nituen irakiarrak bakarrik zaintzen; Filipinetako, Pakistango eta Europa ekialdeko hainbat tokitako jendea ere zaintzen nuen. Horietako asko AEBetako armada zerbitzuek zuzenean enplegatutako ingeniariak ziren, edo enpresa multinazionalek eta armadaren kontratistek enplegatutakoak. Enpresa horietako enplegatu amerikar askori 10.000 dolar inguru ordaintzen zieten urtean -zergak salbu-. Pakistango eta beste hainbat tokitako jendeari askoz ere gutxiago ordaintzen zioten; askotan, gainera, zaintzaile armatuak jartzen zizkieten -ni neu, adibidez-, noranahi zihoazela ere, inon bonbarik ez zutela leherraraziko ziurtatzearren. Ez dakit zer dela-eta zeukaten halako paranoia Filipinetako eta Pakistango jendearekin.
Eta bizimodua nolakoa zen?
Victory kanpalekuko bizi-baldintzak goi mailakoagoak ziren. PX, Burger King, Greens Beans, Pizza Hut, Subways, eta baita bazar bat genituen bertan dirua gastatzeko. Kafetegi barruan, berriz, bagenituen doako jaki potoak, edari energetikoak, bagenuen zukuak hartzeko aukera, izozkiak dastatzekoa, haragi xerrak Philadelphia gaztarekin jatekoa, eta ostiraletan baita haragi xigortua eta otarraina eskatzeko aukera ere. Basetik kanpoko jendea goseak hiltzen ari zen, baina basean lanean jardunda ere ez ziratekeen kantinara sartuko, ekintzaile suiziden beldur baitziren.
Ustelkeria salatu izan duzu...
Ustelkeria airean sumatzen zen; diruaren ustel usaina zerion toki guztiari. Gogoan dut bagenuela egitasmo bat, eta gure unitateak 20.00 dolar eman zizkiola kontratista bati, sei konexio kaxa egin ziezazkigun, zuntz optikoen kableentzat. Dena oker egin zuen. Iraken kontratistak erabiltzeak badu arazo bat, kostuez gaindik bestelako onurak dakarzkien soldatak izaten dituztelako, eta horrek eraginkortasunik eza eta ustelkeria eragiten duelako. Kontratistek neurriz kanpo baloratzen zituzten beren egitasmoak, mozkin tarte handiagoa lortzeko asmoz. Gerren asmoa enpresa pribatuei onura itzelak eragitea baino ez da.
Afganistanera joatea baztertu zenuen ondoren.
Gure unitatea jardunetik kanpo geratu zen, ni Alemaniara itzuli eta gutxira; gure unitateko kide guztiak, ni neu ere bai, beste unitate batzuetara bidali gintuzten. Hilabete gutxi batzuk baino ez nituen izan tartean, Iraketik itzuli nintzenetik atzera Afganistanera bidali ninduteneino. Ez nuen uste inolako alderik zegoenik, funtsean, bi herrialdeetan gertatzen ari zenaren artean; errudun sentitzen nintzen Iraken emandako denboraz. Ez nintzen Irakera joan enpresa bat nire kontura aberastu zedin, eta ez nituen onartzen han ikusitako gertakarietako asko -bat bera ere ez-: ez presondegi ezkutua, ez eta militarren jokabidea bera ere. Ez geunden han irakiarrei laguntzeko; amerikarrek gaizki tratatzen zituzten askotan, eta beldurra eta mesfidantza eragiten zieten. Nirekin harreman zuzena izandako irakiarrak pozik zeuden lan bat zeukatelako, baita amerikarrentzako lan egiteak beren biziak basetik kanpo arriskaraztea esan nahi bazuen ere. Nolanahi ere, ataka gaiztoan zeuden, eta ez dut uste guretzat lan eginda bere burua arriskuan jarri zuen jende hori tratatu zuten moduan tratatu beharra zegoenik.
Etorkizun hobe baten bila sartu zinen armadan, baina, irtenbiderik ba al zuen soldadutzak?
Ez askorik. Kontratua amaitu artean itxaron nezakeen. Kontzientzia eragozle egitea ere eska nezakeen, baina prozesu gaitza eta luzea da oso. Zauriren bat edo gaixotasun iraunkorren bat neukala ere argudia nezakeen, baina oso zaila zen. Edota egin nuena ere egin nezakeen, eta txintik esan gabe alde egin.
Desertzio kasuez hitz egiten da hedabideetan. Arazo orokor bat al da hori armadan. Zein da joera?
Sill gotorlekuan nengoela 40 desertore inguru auzipetzen zituzten astean. Sill eta Knox gotorlekuetan desertoreak auzipetzen zituzten; 2007an, 80 desertore inguru auzipetzen zituzten astean. Ez dakit zein den gaur egungo joera; armada datuak ezkutatzen saiatzen da eta, beraz, ez daukat argudiorik iraganeko estatistika argitalpenetan jasotako datuak sinesteko ere; arrazoi ezkuturen bat dago datuok ezkutatzeko. 2003tik 20.000 desertzio egon direla aipatzen da. Armadan izena eman dutenen kopuruak beheranzko joera bat izan du urteotan, baina krisia tarteko gora egiten ari dela diote; azken batean, armadan sartzen direnak arrazoi ekonomikoengatik izaten da eta ez abertzaletasunagatik.
Zein da zure lana egun?
Desertore askori lagundu izan diot, eta batik batPTSD traumaosteko estresak eragindako asaldura zuten soldaduei, mediku baten ikuspuntutik ezgauza zirenak, baina botikak eman eta gerrara bidaltzen dituzte berriz. Ni neu gogotik ahaleginduko naiz erresistentzia mugimendu sendo bat eratzen militarren artean.
Zer iritzi diozu gerra estrategiari?
Armadako ofizialen artean ohikoa zen pentsatzea indar militarra eta teknologia nagusitasuna nahikoa zirela gerra irabazteko. Jeneralak makiavelikoak dira.
IRAKEKO GERRA. ERRETIRATZEA. «Gerren asmoa enpresa pribatuei onura itzelak eragitea baino ez da»
Irakeko gerran bi urte eman ostean, desertatu egin zuen armadatik. Gaur egun, armadan dauden soldaduei sostengua ematen die, militarren artean erresistentzia sustatzearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu