Irakeko gerraren errentagarritasuna

George Bushen gertuko enpresaburuak Irakeko petrolio putzuen jabe egin dira; enkantera ateratako azkenak, baina, Errusiako, Txinako eta Europako mendebaldeko enpresek eskuratu dituzte.

2010eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gerra irabazi duenak idatzi ohi du herrialde baten historia. Hala egiten duenak erabakitzen du, gainera, herrialde horren geroa ere. Iraken, sei urte luzedira Ameriketako Estatu Batuek inbasioa hasi zutela; eta bi urte Alan Greenspan AEBetako Erretserba Federaleko presidente ohiak gerra petrolioagatik hasi izana onartu zuela. Urtebete igaro da Washingtonek soldaduak erretiratzeko asmoa iragarri zuenetik; eta urtebete barru amaituko da hitzemandakoa betetzeko epemuga. Mendea hasi zenetik, Irakek izandako historiaren erreferentzia dira horiek denak; AEBek bortxaz ezarritako kronologian datarik esanguratsuenak. Washingtonek idatzi baitu Irakeko historia modernoena; eta gerra amaitzear dela, hark erabakiko baitu herrialdearen etorkizuna ere -soldadu estatubatuarrak erretiratzearekin inbasioaren amaierak itxura ofiziala hartuko du-. Irakeko petrolioak jaberik izango duela ziurtatu ondotik utziko dute Irak.

Gerra hastea erabaki zuenean, George Bush AEBetako presidente izandakoari babesa eman zioten lobby-ko kideetatik batzuk petrolio putzu handien jabe egin dira Iraken. Petrolioa ustiatzeko baimena lortu dutenen artean daude Bushen gertukoak. Iragan maiatzean, lehen lehiaketa ofizialean itxi gabe gelditu ziren akordioetatik bi, hala nola George Bushen konfiantzako enpresaburuek lortu dituzte.

Bushen lagunak

Rex W. Tillerson buru duela, ExxonMobilek sinatu du kontratuetako bat; munduko petrolio enpresarik handiena izateaz gain, Mendebaldeko Kurna 1 ustiatzen duen partzuergoko buru ere bada hori. Mendebaldeko Kurna 1 Iraken dagoen petrolio putzurik handienetakoa da; Tillerson, berriz, George Bushen lagun minenetakoa.

Zubairko petrolioa ustiatzeko baimena eskuratu du Bushen 2005eko presidentetzarako hauteskunde kanpaina finantzatzen lagundu zuten enpresetako batek, Occidental Petroleumek. Azken hilabeteetan jakin da, halaber, Kurdistan autonomoko Gobernuak (Hego Kurdistan) presidente izandakoaren lagunei egin dizkiela esleipenak.

Iraken okupazioa bultzatu zutenek Kurdistan autonomoaren alde egin izana, izan ere, ez da kasualitatea. Hego Kurdistango Gobernuak, Bagdadi desafio eginda, ustiaketarako eskubideak eman dizkie hainbati; adibidez, Norvegiako DNO enpresari. Alabaina, enpresa horren atzean daudenen izen-abizenak ezkutuan eduki dira, harik eta DagensNaeringsliv egunkariak aireratu duen arte Peter Galbraith AEBen atzerri politikarako aholkulariak duen parte-hartzea. Eta, aldi berean, horrek agerian utzi ditu zer gabezia dituen petrolio putzuak banatzeko martxan den prozesuak. Hala uste du Patrick Heller Revenue Watch erakundeko ikertzaileak; esleipenak gardentasun gutxirekin egin direla, alegia. Izan ere, Irakek ez du sektorea arautuko duen legerik ere. Horregatik, Hellerrek susmoa du ezkutuko negoziazioak egiteko baliatzen dutela hainbatek lege falta hori.

Alde horretatik, Norvegiako prentsak argitaratutakoak arrazoia ematen dio Revenue Watcheko ikertzaileari. Izan ere, Galbraithek Irakeko Konstituzioa onartzeko prozesuan hartu zuen parte. Petrolioaren eta gasaren gaineko eskubideei eutsi ziezaien, aholkularitza eman zien kurduei. Baina orain jakin da hura izan dela, Norvegiako enpresa horren bitartez, petrolioa ustiatzeko eskubideei probetxurik handiena atera diena. Berak eta beste inork ez baitzekien Konstituzioak kurduen aldeko xedapenak jasotzen bazituen hainbeste aberastuko zela. Orain, diplomazialari estatubatuar horren diru sarrerak ehun milioi dolarretik (70 milioi euro inguru) gorakoak dira. Negoziazioen lehen lerroan egonda, informazio pribilegiatua eskuratu zuen; informazio horri esker egin da Galbraith multimilionario.

Nazionalizazioaren amaiera

Irakeko gerrari errentagarritasuna ateratzen abilak izan dira estatubatuarrak. 37 urtez Estatuarena izan den sektoreak nazioarteko enpresa pribatuei ateak zabaltzen zizkiela ikusita, baina, beste askorentzat ere merkatu erakargarria bihurtu da Irakekoa. Ez da gutxiagorako ere: Saudi Arabiaren eta Iranen atzetik,Irak da munduan petrolio erreserba gehien duen herrialdea. Haien jabe egiteko aukera zabaldu du Bagdadeko gobernuak; eta inor gutxik egin dio muzin negozioa egiteko eskaintza horri. Gerra beharrezkoa zela ziotenek eta gerra legez kanpokoa zela salatu zutenek, bereizketarik gabe, sektorean goian mantendu nahi duten enpresa guztiek egin dute ahalik eta zati handiena eskuratzeko ahalegina.

AEBetako enpresei aurrea hartuta, Txinako, Errusiako eta Europako mendebaldeko enpresek eskuratu dituzte azken enkantean ateratako petrolio putzu gehienak. Saddam Hussein agintetik egotzi zutenetik, herrialdean egin duten bigarren lehiaketa ofiziala izan zen iragan abenduaren hasieran egindakoa.

Enpresa estatubatuarrek ez dute izan enkantean jarritako hamar petrolio putzuetatik bakar baten jabe egiterik. Eta Mendebaldeko Kurna 2, herrialdeko petrolio putzurik handienetakoa, Errusiako Lukoil enpresak eta Norvegiako Statoilek eskuratu dute. Erosketa horren garrantzia nabarmenduz, Vaguit Alekperov Lukoileko presidenteak egindako adierazpenak esanguratsuak dira: «Gure akzionistei egindako promesak betez, Irakeko proiektuaren alde borrokatu dugu urte hauetan guztietan».

Azken enkantean Lukoil eta beste enpresa batzuk gailendu izanak ez luke kezkatu beharAEBetako Gobernua; ez jendaurrean, behintzat. Bestela egingo balu, nabarmenegi jokatuko lukete. Horregatik, agian, Hillary Clinton AEBetako estatu idazkaria baikor agertu da: «Nazioarteko enpresak sartu izana garrantzitsua da Irakeko egonkortasunarentzat eta garapenarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.