IRAKEKO OKUPAZIOA. Bozen auziak zatiketa eragin du xiiten eta beste etnien artean

Erresistentzia irakiarrak bederatzi pertsona hil ditu, tartean AEBetako soldaduak eta kolaboratzaileak

Erredakzioa
2004ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ez dirudi Irakeko talde eta komunitate ezberdinak herrialdearen burujabetza berreskuratzeko urrats eta ereduen inguruan epe laburrean bat etorriko direnik. Izan ere, populazioaren gehiengoa (%60) osatzen duten arabiar xiiten buruzagiek eta Kurdistanen nagusi diren kurduenek eskaera eta asmo kontrajarriak agertu dituzte, bereziki egunotan. Xiitak hauteskunde orokorrak berehala egiteko eta estatu federalaren kontrako eskaria egiten ari diren bitartean, kurduek eredu federalaren eta bozak oraindik ez egitearen aldeko jarrera azaldu dute. Bien bitartean, erresistentzia okupatzaileen eta kolaboratzaileen aurkako ekintzekin jarraitu, eta atzo AEB Ameriketako Estatu Batuetako bi soldadu, hiru polizia irakiar eta AEBetako base batean lan egiten zuten lau emakume irakiar hil zituzten. Beste hainbat zauritu ere izan ziren.

Kurdistan Observer Interneteko berri agentziaren arabera, Irakeko Gobernu Kontseiluko ordezkari kurduek hauteskundeak egiteko printzipioa sostengatu bai, baina ez dute haiek lasteregitea egoki ikusten. «Talde kurduak bozen printzipioa sustatzen du, baina egungo egoeran egitearen kontra dago, dauden oztopoak eta zailtasunak ugari direla-eta», esan zuen Mahmud Othmanek, AEBen babesean antolatutako kontseiluan kurduek dituzten bost ordezkarietako batek. Kurduek bezala, arabiar sunitek ere nahiago dute bozak oraindik ez egin.Othmanen iritziz, Iraken subiranotasun eza, hainbat eskualdetan gertatzen ari den egonkortasunaren gutxitzea eta errolda sinesgarri baten gabezia hauteskundeak orain ez egiteko arrazoi aski dira. Erantsi zuenez, Saddam Hussein agintean zelarik, milioi bat irakiarri herritartasuna kendu zieten eta hiru milioik erbestera joan behar izan zuten. Hortaz, herritar guztiek esku hartzeko moduko bozak berehala egiteari zaila iritzi zion.AEBek gidatutako koalizioaren asmoa ekainaren 30erako trantsizio gobernu bat ezartzea da, inork hautatu gabekoa. Horren aurrean, milaka arabiar xiita kalera atera dira egun hauetan, beren buruzagi erlijiosoek deituta, batez ere Ali Sistani aiatola handiari jarraituz. Washingtonen planak errefusatu eta hauteskundeak ahalik eta lasterren egitea exijitzen dabiltza.

Federalismoaz eztabaida

Eredu federalari dagokionean, buruzagi eta manifestari xiitek gogor errefusatu dute aukera hori. Haatik, ordezkari kurduak esan du Gobernu Kontseiluak «eztabaida garrantzitsu eta erabakigarriak» egingo dituela aurki. Kurduentzat funtsezko eskakizuna da federalismoa, Irakeko iparraldeko eskualde kurduan kurduentzat, Hegoaldeko Kurdistan urteotan izan duten autonomia sendotu nahi baitute.

Othmanek jakinarazi zuenez, iragan astelehenean kurduen ordezkariek bilkura egin zuten, Irakek burujabetza berreskuratzean federalismoa Konstituzioan bilduta egoteko eskakizunak indartzeko. Kurduek lurralde arloko eskakizunak ere bideratu nahi dituzte, hala nola, petroliotan aberatsa den Kirkuk hiria berena dela aldarrikatzea. Berriki etnia ezberdinen artean liskarrak egon dira hirian, kurduek, arabiarrek eta turkmenoek berezkotzat baitute hura.Halarik ere, kurduek diote Husseinek populazio aldaketa bortxatuak egin zituela eta gune kurduak «arabiartu». «Aurreko errejimenak eremu kurduak bortxaz arabiartu zituen, eta kurduok [politika] horren arrastoak ezabatu eta eskualdera dozenaka mila familia kurduen itzulera ziurtatu nahi ditugu», gaineratu zuen Othmanek.

Hil eta zauritu franko

Mahai gaineko eta kaleko eztabaida eta eskakizunez gain, hitzez haratago, erresistentzia irakiarrak jo eta su segitzen du okupatzaileen eta kolaboratzaileen kontra egiten. Atzo, guztira, bederatzi pertsona hil zituen.

Hala, Bakuba hiri ondoan AEBek duten base baten kontra mortero eta kohete jaurtiketak bi soldadu hil eta beste bat zauritu zituen. Soldaduek tiroka erantzun eta etxe bat hondatu zuten, lekukoen arabera. Dagoeneko 505 dira iragan martxoaren 20an inbasioa hasi zenetik soldadu eta ekintzaile irakiarrek hil dituzten AEBetako soldaduak.Faluja eta Ramadi artean, kontrolgune batean erresistentziak hiru polizia irakiar hil eta beste bost zauritu zituen. Gainera, goizaldean AEBetako base batean lan egiten zuten lau emakume irakiar kristau hil zituzten ekintzaileek Bagdad ondoan, haiek lanera zihoazela. Beste bost, zauritu egin zituzten. Bestalde, AEBek Iraken kanpo zorraz jarduteko duten ordezkari berezi James Baker Qatar, Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait eta Saudi Arabiako agintariekin bildu da egunotan. Horren ondoren lau herrialdeok baiezkoa eman diote Bagdadek zor dienaren kopuru handi bat ez eskatzeari.

-

GUARDIA ZIBIL BAT LARRI



 

'Zabalza kasu'tik Irakera, Plus Ultra Brigadara





Erresistentziak Espainiako Guardia Zibileko komandante Gonzalo Perez Garcia oso larri zauritu zuen atzo Diuania hiritik gertu. Han inguruan daude hedatuta Espainiako eta Latinoamerikako zenbait estatutako okupatzaileak, Plus Ultra Brigadan bilduta.Perez Garcia Euskal Herrian aritu zen, Donostiako Intxaurrondoko kuartelean. Zabalza kasua-ren lehen zatian auzipetu zuten, Guardia Zibilak 1985eko azaroan Mikel Zabalza gaztea atxilotu eta hau beren eskuetan hil ondoren. 1988an kasua artxibatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.