Ramadi eta Faluja hirietan, berriz, hogei pertsona hil eta beste 27 zauritu ziren erresistentziaren eta okupazio indarren arteko borroketan. Bakuban ere hamahiru pertsona hil, tartean 11 polizia, eta hamabost zauritu ziren. Erresistentziako kideek hiriaren kontrola hartu zutela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik. Ramadi, Faluja eta Bakubak osatzen duten triangelu sunita izeneko eremuan oso nabarmena da erresistentziaren presentzia. Okupazio indarren hegazkinek hainbat eraso egin zituzten atzo.Al Kaeda erakunde islamistari lotutako Abu Mussab Al Zarkaui buruzagiak bere gain hartu zituen Bakuban izandako erasoak. Taldeak helarazi oharrean «datozen egunotan» eraso gehiago egongo direla ohartarazi zuten: «Hiriko biztanleei eskatzen diegu erresistentziaren ordenak bete ditzatela. Horrela egin ezean, heriotza izango dute esperoan».Bagdad hiriburuan zortzi pertsona hil ziren, tartean lau polizia, irakiar ekintzaile suizida batek maleta batean zeraman bonba leherraraztean. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadaren arabera, hiru soldadu estatubatuar hil ziren atzo, bi Bakuban eta hirugarrena Mosulen.Botere aldaketarako eguna hurbiltzen den heinean erasoak areagotuko direla iritzi zioten atzo Irakeko behin-behineko gobernuko funtzionarioek. Hilabete honetan , ugariak izan dira herrialdean izandako erasoak, tartean behin-behineko gobernuko kideren kontrakoak.
Ekainaren 30a, jaieguna
Agintari irakiarrek jaiegun izendatu zuten atzo ekainaren 30a, hain zuzen ere, boterearen transferentzia egingo den eguna. Irakeko behin-behineko gobernua presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak prestatzeaz arduratuko da; segurtasunaren ardura, berriz, okupazio indarrena izango da, nazioarteko soldaduen laguntzarekin. Washigtonek 130.000 soldadu mantenduko ditu herrialdean.
EB Europako Batasunak Abu Graib presondegian izan diren torturen inguruan izan duen jarrera isilari amaiera jartzea eskatu zion atzo Amnesty Internationalek EBko txandakako presidente eta Irlandako lehen ministro Bertie Aherni. Torturak gaitzetsi dituzten arren, agintariek Washingtonen jarrera agerian jarri eta gogor salatu behar dutela uste du nazioarteko erakundeak Bruselan duen ordezkari Dick Oostingek: «EBk giza eskubideen errespetua aldarrikatzeko unea da hau eta, tartean, George Bush presidenteari Irak, Afganistan, Guantanamon eta leku guztietan giza eskubideak berma ditzala eskatzeko mementoa».Europako Kontseiluko Asanblea Parlamentarioak Giza Eskubideen Europako Kontseiluak Irakeko trantsizio demokratikoan partea hartzearen alde agertu zen atzo orotara 45 herrialde biltzen dira erakundeanÃ. Ildo horretan, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari bere ebazpena aurrera eramateko nazioarteko erakundearen aholkularitza lagungarria izan dakiokeela uste dute.Bestetik, Iraken utziko dituen soldaduen kopurua eta operazio militarretan gastatuko den dirua zehazteko eskatu zion atzo AEBetako Senatuak George Bush presidenteari. Kongresuak 25.000 milioi dolarreko diru laguntza eman zuen operazio militarretarako.
-
Azken erasoak
Ekainaren 8a: Bonba-auto batek hamabost pertsona hil zituen Mosulen eta Bakuban.
Ekainaren 12a: Behin-behineko gobernuko Atzerri Ministerioko idazkariorde Bassam Kabba hil zuten Bagdaden.
Ekainaren 13a: Behin-behineko gobernuko Hezkuntza Ministerioko kultura harremanetarako zuzendari Kamal Jarra hil zuten Bagdaden.
Ekainaren 14a: Bonba-auto batek eztanda egin eta hamabi pertsona hil ziren Bagdaden.
Ekainaren 16a: Irak Iparreko Petrolio Konpainiako (NOC) segurtasun arduradun Gazi al-Talabani tiroka hil zuten Kirkuken.
Ekainaren 17a: Bonba-auto batek eztanda egin eta 41 pertsona hil ziren Bagdaden.
Ekainaren 21a: AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadako lau soldadu hil ziren Ramadin izandako erasoan.
Ekainaren 22a: Washingtonen arabera erresistentziako 20 kide hil ziren Falujan egindako aire erasoan.
Ekainaren 24a: Gutxienez 73 pertsona hil ziren herrialdeko hainbat hiritan izandako erasoetan: Mosulen, Bakuban, Ramadin, Falujan eta Bagdaden.