IRAKEKO OKUPAZIOA. Urtebeteko sufrimendu lazgarria

Gaur urtea egingo du AEBek eta beren aliatuek Iraken kontra abiatutako gerrak; ondorio latzak eragin ditu

2004ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Urtebete igaro da Ameriketako Estatu Batuek eta beren aliatuek Irak inbaditzeari ekin ziotenetik.Orduz geroztik asko aldatu da Irak, zentzu guztietan. Politikoan zein gizarte eta ekonomia alorretan. 1991ko Golkoko Gerra nahiz ondoren NBEk ezarritako bahimendua eta AEBen eta Erresuma Batuko gerra hegazkinen bonbardaketek eragindako kalteez gain, 2003ko martxoaren 20an abiatutako gerrak ondorio lazgarriak eragin ditu Iraken. Ez dirudi epe laburrean egoerak onera egingo duenik. Ez, behintzat, herrialde okupatua izaten jarraitzen duen bitartean. Hona hemen zertan den gaur egungo Irak:

GERRAREN ONDORIO NAGUSIAKHeriotza, kaosa eta hondamendia

Latzak izan dira gerraren eta okupazioaren ondorioak. Erresuma Batuko Alderdi Laboristako kide ohi eta egun diputatu independente eta gerraren kontrako ekintzaile George Gallowayk aste honetan adierazi duenez,ondorioak aztertzeko «kostu-onura analisia» egin behar da. «Onura bakarra Saddam Husseinen erregimena boteretik kentzea izan da. Baina kalteak hain handiak dira, non porrot gisa jo behar den ekinbidea». Kalteen artean lehena, giza bizitzen galera. Ezin da neurtu zenbat irakiar hil diren inbasioa hasi zenetik. Milaka zibil hil dira okupatzaileen bonbardaketetan eta dozenaka hiltzen ari dira AEBek «gerra bukatutzat» eman zutenetik. Horiei guztiei milaka zauritu erantsi behar zaizkie. Gainera, milioika herritarren etxebizitzak eta bizimodua suntsituta geratu dira. Gerratik urtebetera milioika irakiar ur eta argindar horniketa iraunkorrik gabe daude. Eta gehienak langabezian geratu dira.

SUBIRANOTASUNAWashingtonen itzaletik urrundu nahia

Washingtongo gobernuaren babesean abiatutako Irakeko Gobernu Kontseiluari «ezarritako entitate» irizten diote irakiar askok, eta batez ere erresistentziak. Herri irakiarrari ustez subiranotasuna itzuliko dion erakundeak Konstituzioa onartu zuen duela bi aste, hainbat tirabiraren ondoren. Hurrengo urratsa hauteskunde demokratikoak egitea litzateke. Hala eta guztiz ere, Gallowayk nabarmendu duenez, «faltsua» da ekainean irakiarrek subiranotasuna berreskuratuko dutela. «Lehenik, Gobernu Kontseilua deitutakoa ez da Irakeko Gobernua; Irak legez kanpo inbaditu zuen atzerriko armada baten tanke eta armek ezarri zuten. Legez kanpoko zerbaitetik ezin daiteke legezko deus sortu. Konstituzioa ondu duen jendeak ez du inolako zilegitasunik. Bigarrenik, asmoa ez da ekainean irakiarrei subiranotasuna itzultzea; asmoa da eskuz aukeratutako irakiar batzuei subiranotasun pittin bat ematea. AEBek oraindik gobernatuko dute herrialdea».Petrolioaren kontrola eta kudeaketa izan da inbasioaren benetako arrazoietako bat, Asiako gune geoestrategiko garrantzitsuenetako bat kontrolatzeaz gain, eta ez dirudi hori guztia irakiarren esku utziko dutenik.

ERRESISTENTZIAErasoak areagotzen ari dira

Nazioarteko legeek okupazio indarrei aurre egiteko eskubidea aitortzen diete eta Irakeko erresistentzia horretan ari da jo eta su. AEBen eta bere aliatuen kontrako erasoak egiten ari dira egunero-egunero, baita kolaboratzaile irakiarren aurka ere. Adituek nabarmendu dute erasoak gero eta prestatuagoak eta landuagoak direla. AEBak harrapatuta daude Iraken, ez dute erretiratu nahi, baina ezin dute aurrera egin eta erresistentzia menperatu. Etxe Zuriak gerra amaitutzat jo zuenetik, inbasioan baino soldadu estatubatuar gehiago hil dituzte dagoeneko ekintzaile irakiarrek: 500dik gora. Nolanahi ere, erasoetan zibil ugari ere hil dira. Eta ez dira gutxi okupazio indarrek hildako edota atxilotutako ekintzaileak.

BERRERAIKUNTZAPetrolioaren kudeaketa eta irabazien banaketa

Okupazioan esku hartu zuten estatuek zein haren kontra agertutakoek Emaileen Konferentzia kritikoek lapurren konferentzia deitu zuten egin zuten azaroan Madrilen, Iraken berreraikuntza ardatz zutela. Gallowayren esanetan, AEBetako konpainiek «Irak arpilatzen» segituko dute eta berreraikuntza eta ustiaketarako kontratuak nagusiki «AEBen konpainiei» emango dizkiete. Edozein modutan, ia dena dago berreraikitzeko Iraken, oinarrizko azpiegituretatik hasita. Petrolioaren kudeaketa eta irabaziak nola banatu da koska.

BARNE GATAZKAHainbat komunitate lehian

Saddam Husseinen menpean laizismoa zen nagusi estatuan, eta haren Gobernuak estuki kontrolatzen zituen Irakeko etnia, nazio eta komunitate ezberdinak: kurduak, arabiarrak, turkmenak, asiriarrak, kaldeoak... Era berean, musulman sunita eta xiiten arteko tirabirak ez ziren hain nabarmenak. Okupazioarekin, ordea, tirabirak eta borrokak izan dira kurduen sunitak dira eta arabiarren zein turkmenen artean, batetik, eta arabiar suniten eta xiiten artean, bestetik. Xiitak Irakeko biztanleen %60 dira, eta etorkizuneko gobernuan parte-hartze handiagoa nahi dute eta erabat errefusatzen dute estatu federal bat, non kurduek autonomia handia izango luketen. Gallowayk dioenez, gerrak eta okupazioak «estatu bakarra zena kantonamendu konfesional sorta bihurtu» dute. «Iraken balkanizazioa eragin dute eta fundamentalismo erlijiosoaren botila ireki dute».

OKUPAZIO INDARRAK144.000 soldadu AEBen gidaritzapean

AEBekin batera Erresuma Batuko eta Australiako armadak sartu ziren Iraken, Espainia, Italia eta beste zenbait estaturekin batera. AEBek 34 estaturen sostengua dute gaur egun Iraken: guztira 144.000 soldadu daude. Alta, Espainiako biztanleen %90en eskariari men eginez eta joan den igandeko Espainiako hauteskundeak irabazi ondoren, PSOE alderdi sozialistako buru Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiak ekainaren bukaeran Iraketik tropak erretiratuko dituela agindu zuen.

SUNTSIPEN HANDIKO ARMAKNon daude?

Etxe Zuriak, Downing Streetek eta Moncloak gerra abiatzeko jarritako aitzakia nagusia Saddam Hussein boteretik kentzea eta honen ustezko suntsipen handiko armak suntsitzea izan zen. Nazio Batuen Erakundeak 2002ko azaroan onartutako ebazpenean ohartarazten zuenez, NBEren ikuskatze misioarekin «elkarlanean serio aritu ezean, ondorio larriei aurre egin beharko» zien Irakek. Bagdadeko gobernuak elkarlanari ekin zion, baina ez NBEko arma ikuskatzaileen misioak, ez okupazio indarrek, ez zuten halako armarik aurkitu. George Bush, Tony Blair, Jose Maria Aznar eta Silvio Berlusconik behin eta berriro errepikatu zuten eta batzuek oraindik berresten dute Irakek «arma debekatuak» zituela. Kontrakoa erakusten duen errealitatearekin talka egin duten arren, eta munduak «gezurtitzat» jo dituen arren, Iraken kaltea egina dago. «Baita NBEn ere».

SADDAM HUSSEIN«Gaiztoaren» atxilotzea

AEBek Gaizkiaren Ardatzean kokatu zuten Irakeko presidente ohia iazko abenduaren 14an atxilotu zuten AEBetako soldaduek eta gerra preso gisa atxikitzen dute. Noam Chomsky irakasle eta idazle estatubatuarrak hauxe esan du haren balizko epaiketaz: «Nazioarteko ezagutza, babesa eta sinesgarritasuna duen erakunde batek epaitu beharko luke». Chomskyren esanetan, «Husseinez gain, honen laguntzaileak ere» epaitu beharko lirateke, «baita haren gobernuari garai ezberdinetan lagundu» zieten hainbat estatu ere: «Errusia, Frantzia, Alemania, AEBak eta Erresuma Batua, besteak beste». Bitartean, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal Carla del Pontek aste honetan esan du haren antzeko auzitegi bat litzatekeela «egokiena», Husseini «epaiketa zuzena egiteko».

nazioarteko PROTESTAKGerrari ez

Iraken aurkako erasoa hasi aurretik zein ondotik, milioika pertsona atera ziren gerraren kontra protestan mundu osoko hiriburu eta hiri nagusietako kaleetara. Herritarren eskaerak ez zituzten kontuan hartu, aldiz, Bushek eta Blairrek. Urteurrenaren karietara ere protesta eta manifestazio franko daude deituta munduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.