Okupazio tropek eta Irakeko behin-behineko gobernuko indar armatuek bigarren egunerako aurre egin zieten atzo Moktada Al Sadr immam xiitaren gerrillarien matxinadari, herrialdearen hegoldean eta Bagdad hiriburuan. Ameriketako Estatu Batuetako Armadak iragarri du 300 gerrillari xiita hil dituela.
Irakeko Barne ministroak,aldiz, arbuiatu egin du Moktada al Sadrek egindako su-eten eskaintza. Okupazio indarrek erresistentzia sunitari aurre egin behar diote, berriz, Samarra hirian. Lau kamioilari libanoar bahitu dituztelarik, Al Anbarko probintziako gobernadoreak dimititu egin du, talde islamista batek bahitu zituen bere hiru semeen askatasuna lortzeko.«Najafen, azken bi egunotan gertatutako liskarretan, 300 gerrillari inguru hil ditugu eta gure aldekoak, berriz, hiru hildako eta 12 zauritu izan dira», jakinarazi zuen atzo AEBetako Armadako marine indarren eledun Carrie Batsonek. Alabaina, Moktada al Sadr immam xiitaren bozeramaile Raed al Khatimik ziurtatu zuen osteguna eta atzo eguerdia bitartean, Mehdiren Armadako 36 gerrillari hil direla, Irak osoan, okupazio indarren aurkako borroketan. Bagdadeko Sard City auzune xiitan izandako liskar gogorretan, 19 hildako eta 111 zauritu izan direla zehaztu zuen bere Irakeko Osasun ministeritzak. Sadr Cityn zabaldua den AEBetako Armadako Robert Abrams koronelak, aldiz, ziutartu zuen bere soldaduek «neurriz» aurre egiten ziela eraso egileei, eta hauetan 6 urtetatik hasitako haurrak bazirela azpimarratu. Bagdadeko auzune honez gain, xiiten oldarraldia Irak hegoaldeko hiri guztietara zabaldua zen atzo. Medhiren Armadako gerrillariek oldar egin zieten soldadu estatubatuar, britainiar eta italiarrei Najafen, Amaran, Nassirian eta Bassoran.Borroka gogor hauek piztu eta bi egunetara, Moktada al Sadr immamak jakinarazi du su-eten bat hitzartzeko prest legokeela. Menia horren berme jartzeko, Nazio Batuen Erakundeari eta Irakeko Gobernuari dei egin diete immamaren jarraitzaileek. Hau ez da, haatik, agintari irakiarren asmoetan, zeren eta, Fala al-Nakib Barne ministroak hauxe esan baitzuen atzo Bagdaden emandako prentsaurreko batean: «Ez dugu su-etenik negoziatuko; milizia hauei, ordea, indarrez aurre egingo diegu; aski indartsuak gara hauei gailentzeko eta jende horiek Iraketik haizatzeko».
Telebistan iragarritako dimisioa
Iad Alauiren gobernuak eta okupazio indarrek, baina, xiiten matxinadaz gain, erresistentzia sunitaren erasoei ere buru egin behar die. Aurretik Falujan gertatu zen bezala, Samarra hirialdean handizki hazi dira erresistentzia indarren oldarraldiak, joan den uztailaren amaieraz geroztik.
Atentatu, eraso eta oldarraldiez gain, bahiketek ere indarkeria giroa hazten dute Iraken. Hala, lau kamioilari libanoar bahitu zituztela jakin zuten atzo. Bahiketen auzi honetan, beti, Abdul Karim al-Raui Al Anbargo probintziako gobernadoreak iragarri zuen atzo bere kargua utzi zuela, talde islamista batek iragan uztailaren 28an Ramadin bahitu zituen haren hiru semeak askatzeko. Al Jazeera telebista kateak atzo erakutsi zuen bideo zinta batean, Abdul Karim al Raui ageri zen belauniko. «Jainkoaren eta zuen aurrean, fedegabe estatubatuarrekin izan dudan jardueragatik damu naiz, eta nire kargua oraintxe bertan utziko dudala jakinarazi nahi dut», zioen gobernadoreak telebista kate batek jarri zuen bideo horretan.
IRAKEKO OKUPAZIOA. Xiiten kontra ari dira okupatzaileak, Al Sadrek menia eskaini duen arren
Al Anbarko herrialdeko gobernadoreak kargua utzi behar izan du, ekintzaile islamiar talde batek bahitu dituen hiru seme askatuta uzteko helburuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu