ISIS Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoak goizaldean hasi du Baijiko findegiaren aurkako erasoa. Irakeko petrolio findegi handiena da Baijikoa, eta hiriburutik 210 kilometro ingurura dago. Segurtasun iturrien arabera, erasoa hasi aurreko orduetan atera dituzte findegitik atzerriko langileak; ez, ordea, irakiarrak.
Bitartean, Irakeko armadak milizien kokalekuak bonbardatzen jarraitzen du haiek geldiarazteko asmoz. Liskarrak gogortu egin dira Diyala eta Salahuddin probintzietan, joan den astean ISISek Mosul bereganatu ostean.
Nuri al-Maliki lehen ministroak brrokak geldiarazteko eskatu zien bart miliziei, ordezkari kurdu eta sunitekin batera telebistan egindako agerraldian. Al-Malikik milizia sunitei laguntzea egotzi zion aste hasieran Saudi Arabiari, Riadek Bagdadi "politika sektarioak" bultzatzea leporatu ondotik.
Sunita guztiak ez datoz bat ISISek abiatu duen kanpainarekin, baina beldur dira xiitek herrien kontrola berreskuratzen badute haien kontra mendekatuko direla. Ondorioz, adituek ohartarazi dute gerra erlijioso bilaka daitekeela gatazka.