Amerikarrak joan zirenetik, ez dugu sosik kobratu. Gauzak aldatu ezean, kontrolgune hau hutsik utziko dut datorren astean», dio Sahwa miliziako kide Saif Ahmedek. Gerlari sunitek osatutako talde armatu horrek, hain zuzen, Iraken Al-Qaeda garaitu izana aldarrikatzen du. Egun, baina, hautsa eta hondakinak bezain agerikoa da etsipena Samarrako Sahwako (Ernatze Kontseilua, arabieraz) kideen artean. «Gu izan ginen, eta ez amerikarrak, Al-Qaedaren kontra borroka egin eta hura Iraken akabatu genuenak», azaldu du Xeikh Kahlide Fleiehek bere etxean. Sahwa miliziaren bultzatzaileetako bat da bera.
Suniten eskualdeetako hainbat buruzagi tribalek bultzatutako egitasmoa Irakeko seme-alabak izenez ere ezaguna da. Euren komunitateen segurtasuna bermatzea du helburu. Mugimendua 2005en sortu zuten eta, urtebeteren buruan, herrialdeko gainontzeko segurtasun indarren zati bilakatu zen. «Al-Qaeda gurera iritsi zenean bat egin genuen beraiekin, okupatzaileen kontra borrokatzeko. Baina berehala konturatu ginen estatubatuarrak beharrean gure jendea akabatzen ari zirela jihadistak: buruzagi tribalak, abokatuak, ingeniariak, irakasleak… ospea edo, besterik gabe, ikasketak zituen edonor, terroristen helburu bilakatzen zuten automatikoki», gogoratu du Fleiehek.
Sahwako kideek 250 dolarreko soldata jasotzen zuten hilero, kontrolguneak zaintzeagatik edo euren herrietan patruilatzeagatik. Orain, ordea, diru sarrera hark estatubatuarrekin batera egin du hegan. «Hasierako plana gure mutilak gobernuko segurtasun indarretan progresiboki sartzea zen, baina gaur denok jabetu gara promesa hutsak besterik ez zirela haiek», kexu da Samarrako komandante buru Latif Majad Abdullatif. «2.000 gizon inguru dauzkat egoera latzean. Seme-alabak dauzkate… zer esango diet egoera aldatzen ez bada?». Haserre eta etsipenez egiten dio bere buruari galdera buruzagi militarrak.
Abdullatifen gizonek Sahwak dituen 100.000 soldaduekin bat egingo dute gaur. Inor ez da ausartzen porrot egindako eta armaz betetako milaka gerlariokin zer gertatuko den esaten. Abdulljabar Abdulrahimek argi dauka. «Bi asteren buruan kobratzen ez badut, lana bilatuko dut eraikuntzan ala garbiketa sektorean», dio soinean kirol jantziak eta sandaliak dituen gizonak. «Sahwan eman ditut azken lau urteak. Uniformea erabat urratuta dago, eta ez daukat dirurik berri bat erosteko», azaldu du Abdulrahimek, Samarra iparreko auzo batean trafikoa kudeatzen duen bitartean.
Adiskidetasun arriskutsuak
Samarrako zibil arruntengana jotzerakoan, gupida eta axolagabetasunaren artekoak dira iritziak: «Egun osoa ematen dute kale erdian, norbaitek tiro batez akabatu arte, kobratzen ez duten lan bat egiteagatik... Ez zait bururatzen egoera okerragorik Iraken gaur egun», dio Yousef Abdulhamidek bere fruitu-dendatik, Samarrako zigurat itxurako minaretearen alboan, hain justu. Handik berrehun metro eskasetara, hormigoizko murru batean, Omar Nasaif Jassim oroitzen duen kartel bat dago. Duela bi hilabete bertan akabatu zuen Al-Qaedak Sahwako kide zen gizona.
«Ez dut inolako lastimarik sentitzen. Inbaditzaileekin bat egin zuten, eta haiek zakarrontzira bota dituzte herrialdetik alde egiterakoan. Zer espero zuten estatubatuarrengandik?», dio Rahim taxi gidariak. AEBetako tropekabenduan alde egin zuten arren, 50 urteko gizona beste okupazio mota batez mintzo da orain: «Irandik datorrenaz, boterean dauden alderdi xiiten eskutik».
Edonola ere, Samarran bada baikorragoa denik ere. Omar Mohammed Hassan hiriko alkateak, esaterako, «segurtasunean izugarrizko hobekuntzak» izan direla nabarmendu du. Sekretua, alkatearen arabera, Samarran dauden hiru tropen arteko «oreka ezin hobean» datza. «Alde batetik, gobernu zentraleko soldaduak daude; bestetik, Barne Ministeriokoak eta, jakina, Sahwako gizonak. Kasu isolaturen bat izan arren, ia erabatekoa da segurtasuna Samarran», dio Hassanek oso harro.
Egun, inork ez du zalantzan jartzen Irakeko seme-alabek indarkeria maila baretzeko egindako ezinbesteko ekarpena. Dena den, etorkizunaren beldur dira asko; tartean, Irakeko lehen ,ministro Nuri al-Maliki: «Sahwa milizia sunita oposizio armatu bilakatzeko arrisku handia dago», errepikatu du maiz agintari gorenak.
Bagdadeko bere etxetik, Al-Malikiren alderdiko ordezkari Saad al-Muttabilik aurrekariak azaldu dizkio BERRIA-ri: «Irakeko seme-alaben egitasmoak matxino armatuak gobernurantz erakartzeko balio izan zuen. Tamalez, estatubatuarrek soilik bultzatu eta garatutako proiektua izan zen hura, onerako eta txarrerako», dio Muttabilik. «Washington izugarri atzeratu da 97.000 izen dituen datu-basea igortzeko. Bertan, denetarik aurkitu dugu: hamahiru urteko soldadu bat, 70 urteko beste bat… Jarraian, balizko hautagaien artean aurrekari penalak zituztenak baztertu ditugu edo, besterik gabe, formazio militarrik ez dutenak».
Sahwako milizianoen etorkizuna erabakitzen den bitartean, bata bestearen atzetik izaten dira erasoak Iraken. Herenegun izan zen azkena, 27 polizia hil zituzten Haditha hirian, Bagdadetik 200 kilometro mendebaldera. Al-Qaedak, dagoeneko, bere gain hartu du erasoa. Hainbatek agertoki berri bat aurreikusten dute baztertutako milizianoentzat; euren antzinako aliatuengana eta etsaiengana jo dezaketela uste dute. Horrela, Al-Qaeda aterpe bilaka daiteke estatubatuarrek atzean utzitako hamarnaka mila gerlari etsientzat.
'Irakeko seme-alabak' umezurtz
Al-Qaeda, batetik; Siriako gerra, bestetik: indarkeria bolada betean murgilduta dago Irak. Hori nahikoa ez eta, AEBen tropek alde egin zutenetik soldata gabe geratu diren Sahwa miliziako dozenaka mila soldaduek egoera okertu dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu