"Terroristek ez dute arrakastarik izango AEBek eta haren koaliziokideen borondatea bortxatzeko saioan. Ekainaren 30ean Irak askearen bandera altxatuko da, eta Irakeko behin-behineko gobernu berriak aginte burujabea hartuko du bere gain", adierazi zuen atzo Bush AEBetako lehendakariak Salimen hilketa baloratuz egin zituen adierazpenetan.
Adierazpen bertsuak egin ditu gaur Paul Bremer Irakeko administratzaile estatubatuarrak Bagdaden, erreboltariek atzo bonba-autoz hildako Salim presindetearen hiletetan. "Irakek burujabetza eta bakea erdiestea oztopatu nahi dute terroristek, baina ez dute lortuko", esan du Bremerek. "Datorren hilean behin-behineko gobernua eratzeko zein datorren urtean hauteskunde libreak egiteko prozesuarekin aurrera jarraitu behar dugu", azpimarratu du hiletetara bildu direnen aurrean.
Hala ere, Irakeko behin-behineko gobernua eratzeko Koalizioak finkatutako datarako 40 egun besterik falta ez diren arren, oraindik argitzeke dago nork osa dezaketen agintarien talde hori eta zenbat ministerio izango dituen.
Izzedin Salimen hiletak, berriz, gaur goizean egin dituzte AEBek izendatutako Irakeko Behin-behineko Gobernu Kontseiluaren egoitzan, eta Bremer administratzaile estatubatuarrak zein Nazio Batuetako Irakerako ordezkari Lajdar Brahimik gidatu dituzte.
Iraken okupazioa
Irakeko trantsizio planekin aurrera segituko dute AEBek
Indarkeria giroa puri-purian egonagatik eta erreboltariek atzo Gobernu Kontseiluko burua hil arren, Irakerako duten plangintza politikoarekin aurrera segitzeko asmo sendoa agertu dute AEBek. Hala adierazi du George Bush presidenteak Washingtonen, eta xede hori berretsi du Paul Bremer Irakeko administratzaileak Bagdaden, Izzeddin Salim presidente zenaren hiletetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu