Ostiraleko otoitzaldia da musulmanen ospakizun erlijioso nagusia, eta huraxe bukatzear zutela lehertu da bonba-autoa Aliren Hilobiko santuegian. Lekukoen arabera, eztanda izugarri handia izan da eta inguruetako hainbat eraikin kaltetu ditu; besteak beste, jatetxe bat. Gorpu asko eta zauritutako jende pila ikusi dituztela azaldu dute.
Irakeko behin-behineko Gobernuak atentatua gogor gaitzetsi du.
Xiiten zentro erlijiosoa da Najaf; haien leku santuetako bat. Azkenaldian xiiten aurkako hainbat erasoren gune izan da. Igandean, esaterako, hiru lagun hil zituzten Mohammed Said al-Hakim buruzagi xiitaren aurkako atentatuan. Buruzagia —gaur hil duten Bakiral-Hakimen osaba— bizirik atera zen. Duela lau hilabete, Londrestik, erbestetik, itzuli berria zen Abdel-Majid al-Khoei buruzagi xiita hil zuten Najafen bertan.
Oraingoz, ez du inork erasoa bere gain hartu.
Musulman guztien artean —1.200 milioi dira mundu osoan— %10 xiitak dira.
Iraken inbasioaren ondorena
Irakeko xiiten buruzagi nagusiaz gain, beste 80 bat lagun hil dira Najafeko atentatuan
Mohammed Bakir al-Hakim Irakeko xiiten buruzagi nagusia da Najafeko atentatuan hildako lagunetako bat. Hala baieztatu du AEBek Iraken eratutako behin-behineko Gobernuak. Hildakoak 80 bat dira, eta zaurituak ehundik gora, hilotzak eraman dituzten Sadam Ospitale Unibertsitarioko mediku batek jakinarazi duenez. Aliren Hilobian, xiiten leku santuetako batean, egin du eztanda bonba-autoak, hain justu, santutegian milaka lagun zeudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu