Iraken 2011n indarkeria armatuak eragin dien pertsonak 13.000 baino gehixeago izan dira, «hildakoen, zaurituen eta beren buruaz beste egin zutenak ere kontuan hartuta». Mohamed Xiaa al-Sudanik Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubiden Kontseiluan eman ditu azalpenak, Genevan. Irakeko Giza Eskubideen ministroa da bera, eta kopurua oraindik ere handia dela dioen arren, baikor aritu da, 2010ean baino 4.000 biktima gutxiago baitira. «Arrakasta txiki bat» aitortzen die indarkeriaren kontrako segurtasun indarrei, eta baita legebiltzarraren jardunari ere, haren ustez, «ekintza terroristak gutxitzeko neurri bereziak» hartu dituelako.
Baina urtearen hasierarekin giroa gaiztotu dela-eta hainbat galderari erantzun behar izan die, zeharka erantzun ere. «Oraindik ez dugu kopuru zehatzik, eta ezin da balorazio zehatzik egin, baina lehen bi hilabeteetako joera beherantz joango dela sinestuta gaude». Iraken AEBetako tropak joanez gero nabarmen igo da ostera indarkeria, eta gobernuaren zatiketak ereez du lagundu xiiten eta suniten auziak konpontzen. Baina Al-Sudaniren ustez, segurtasun indarrak «gero eta sendoagoak» dira, eta «terrorismoari aurre egiteko prest» daude.
AEBetako tropak alde egin dutenetik, gainera, «hasieran ez, baina apurka» egoera hobetuz joango dela uste du: «Ekintza asko atzerriko indarrei erasotzeko egin dira, askok ez dutelako ulertu kanpotarrek esku hartzea. Orain, gobernuak herritarren konfiantza berreskuratzeko unea heldu da».
Ashrafeko errefuxiatuak
Muyahidin-e Jalq taldeko kideak, Ashraf eremuko errefuxiatuak, Irakeko hainbat tokitan daude, urte amaieran NBErekin egindako akordio baten ondorioz, bainaIrakek ez ditu han nahi. Irango oposizioko ekintzaile armatuak, baina, Iranentzat ez ezik, AEBentzat eta Europako Batasunarentzat ere terroristak dira. Hori dela eta, gaia eztabaidatzeko eta konpontzeko bideak jartzeko eskatu du Mohamed Xiaa al-Sudanik.
Iraken 13.000 lagunek baino gehiagok jasan dute indarkeria armatua 2011n
2010ean baino 4.000 biktima gutxiago izan dira, gobernuaren giza eskubideen batzordeak jakinarazi duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu