Ekialde Hurbileko lehen emakume ministroa izan genuen Iraken, 1959an. Nola iritsi gara egoera honetara?», dio emakumeen aldeko ekintzaile Hanna Edwardek, Bagdadeko etxean. Giza eskubideen aldeko borrokatzailerik ezagunenetakoa da Edward Iraken.
«Egoera nabarmen okertu da 2003az geroztik irakiar emakumeontzat. Okupazio osteko gobernuak esparru orotatik baztertzea besterik ez du helburu», salatu du. Antza, marjinazio endemiko hori neskato direnetik pairatzen dute: «10, 11 urteko neskato ugari 40 urteko gizonekin ezkontzera behartzen dituzte maiz. Ume horiek eskolara joateari uzten diote,eta, jakina, sexu harremanak izatera behartzen dituzte. Kalte psikologikoa itzela da beti», azaldu du Edwardek, oraindik bukatu gabe: «Legez kanpoko ezkontzak direnez, ezin dituzte euren seme-alabak erroldatu gero. Gobernuak, jakina, ez ikusiarena egiten du, emakumeen kontrako beste hainbat ataletan legez».
Dirudienez, hamaika ezkontza mota egiten dira gaur egun Iraken. Iragan urtean argitaratu txostenean, Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak botere erlijioso eta politikoaren arteko «konplizitatea» salatu zuen, emakumeen esplotazioa dela eta. Poligamiaz hitz egiten dute berriz ere Iraken, bai eta «plazeragatiko ezkontzez» ere.
Iraken milioi bat eta erdi inguruan kalkulatzen da alargunen kopurua. HRWren arabera, baliabide ezak haietako ugari behartu ditu «plazeragatik» ezkontzera. «Prostituziotik gertuko praktika horiek debekatuta zeuden jada», dio erakunde horrek.
«Denbora asko galdu dugu emakumeen eskubideak urratzen zituzten hainbat lege indargabetu nahian, alferrik», damu du Bagdadeko Parlamentuan Ashwaq Jafek. «Arazo nagusia zera da: batetik, xaria lege islamikoa dago, bai eta, teorian, denon eskubideak bermatzen dituen 2005eko Konstituzioa ere. Bien arteko desadostasunak direla eta, emakumeok erdian gelditzen gara, maiz, babesik gabe», azaldu du Kurduen Batasuneko legebiltzarkideak.
«Musulmana naiz, baina 2012an bizi nahi dut, ez 1433an», dio 39 urteko emakume batek, egutegi islamikoaren egungo datari erreferentzia eginez. Zailtasunak zailtasun, Jafek dio alderdikideek, gizonak gehienak, «lagundu besterik ez»diotela egin, Parlamenturainoko ibilbidean. Ordezkari politikoak «kurduen jatorriko pentsamolde aurrerakoia» ikusten du horren atzean.
Egia ala ez, ezin ahaztu Kurdistango hainbat bailaratan ohiko praktika dela, egun ere, klitoriaren ablazioa. Era berean, ikerketa ofizialek emakumeen kontrako 3.766 genero indarkeria kasu jaso zituzten 2011n: haietatik 67 beren buruaz beste egindako emakumeak ziren, eta 330ek baino gehiagok beren buruari su eman zioten, ustez. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek kopuru askoz ere handiagoak ematen dituzte.
«Suizidioak ez, etxe barruko erasoen biktima besterik ez dira emakumeok askotan», onartu du legebiltzarkide kurduak. Legearen utzikeria edo tradizioak zigorra saihestu arren, irakiar emakumeek makina bat hesi aurkituko dituzte bizitza osoan. Kholoud Amiry Kerbalako—Irak hegoaldean— kazetaria da. Dioenez, ez da erraza izan.
«Hasieran, etxean ez zuten kazetari izatea nahi. Gizonen lana zela hura; hobe nuela andereño izan», dio 36 urteko erreportariak. Harekin batera lizentziatu zirenen artean, «bakar batzuk baino ez» dira kazetariak. Hutsune hori «etxeko beharrei» leporatzen die Amiryk, edo, besterik gabe, lanaren genero bereizketa etengabeari: «Protesta edo eraso baten gertalekura joatean, etxean egon beharko nukeela esaten didate beti poliziek. Hainbat agintari politikorekin hitz egiteko ere oztopo ugari jartzen dizkidate, emakumea naizelako».
Iraganaren nostalgia
Rowaa Alweanyk urteak eman zituen Irakeko dantza talde ospetsuenean. 2008an, gazteentzako arte eta dantza eskola bat martxan jarri zuen: «2003ko inbasioaren aurretik dantza eta arte dramatikoek zuten indarra berreskuratu nahi nuen, baina berehala konturatu nintzen aukera uste baino zabalagoa zela». Dantza eta antzerki tailerrak ez ezik, bideo muntatzea eta informatika eskolak ere eskaintzen dizkie gazteei gaur Alweanyk.
«Gobernuak ulertu behar du erlijio eta kultura ez direla kontrajarriak, elkarren osagarriak baizik. Prestakuntza ezinbestekoa da lan munduko ateak ireki ahal izateko eta, aldi berean, molde zaharkituak hausteko. Zergatik ezin du emakume batek, esaterako, kamera operagilea ala informatikaria izan?», dio dantzari ospetsu ohiak, bideo edizio aretoan. «Aukera asko izan ditut Iraketik alde egiteko, baina gelditzea erabaki nuen. Denok ospa egiten badugu, zeinek berreraikiko du herrialdea?», bota du filantropoak.
Irakiar Emakumeen Askatasunerako Elkartea du izena Dalal Jummak 2005an abian jarritako erakundeak. Indarekeria jasandako emakumeei babesa ematen die; legezkoa, morala eta, ahal dela ekonomikoa. «Halako egoera gogorrei aurre egin dietenak eta gainditu dituztenak ezin hobeak dira besteri laguntzeko gero», dio Jummak. Horixe du bere esperientzia pertsonala. Erlijioa eta politika banatzea ezinbestekotzat jotzen du ekintzaileak. Bitartean, aurrerantzean ere bertan jasoko dituzte etxetik alde egindako emakumeak: senarrak jipoitutakoak edo senideren batek bortxatutakoak; eskolatu gabeko neskato eta helduak, heriotz-mehatxupean dauden lesbianak…
«Denboran atzera joan nahi nuke», bukatu du Jummak. «1950eko hamarkada hura inoizko onena izan da, eta Irakeko emakumeontzat».
Iraken, 1433ko martxoak 8
Irakeko emakumeek pairatu dituzte 2003ko inbasioaren ondorio lazgarrienak. Gaur egun arlo guztietan jasaten duten egoera larriaz hainbat ekintzailerekin hitz egin du BERRIA-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu