Antzeko pertsona kopurua askatu eta bahitu zituzten atzo Iraken, baina probintzia ezberdinetan. Lehenik, AEBetako armadak jakinarazi zuen Dijala probintzian, Bakuba hiritik hegoaldera, 41 pertsona askatu zituztela ustez Al Kaedarena den kanpaleku klandestino batean. Bahituek hilabeteak zeramatzaten ekintzaileen esku, eta askok tortura arrastoak zituztela azaldu zuten iturri militarrek. Alabaina, ordu gutxira jakin zenez, talde armatu batek 40 zibil eta militar baino gehiago bahitu zituen Samarra hiri inguruan, Salahuddin probintzian. Irakeko Poliziak adierazi zuenez, Tikrit eta Bagdad lotzen dituen errepidean jarritako kontrol faltsuetan bahitu zituzten.
Polizia iturriei jarraiki, Samarra aldean bahitutako gehienak Al Jabur eta Shamar klaneko kideak dira. Bi klan horiek eta beste batzuek duela gutxi iragarri zuten kontseilu bat sortu zutela Salahuddin probintzian Al Kaedaren eta horren inguruko muturreko talde islamisten kontra borrokatzeko. Eremu musulman sunita horretan ondo ikusten dute, oro har, okupazioaren aurkako erresistentzia, baina ez dute iritzi bera Al Kaedaren inguruan, horrek zibil irakiarrak hiltzen dituela eta gorroto sektarioa bultzatzen duela argudiatuta. Al Kaeda eta antzeko taldeak wahabistak -muturreko islamista suniten adar bat- eta takfiriak dira, eta xiitak Islamaren barruan «heresiatzat» dituzte.
Aitzitik, erresistentziak dio irakiar guztiak -sunita, xiita, kristau eta beste- «anai-arrebak» direla, eta erasoen jomuga ez dutela zibilak izan behar, okupazio indarrak eta hauen kolaboratzaile eta aliatu irakiarrak baizik.
ZORTZI ESTATUBATUAR HIL DITUZTE. AEBetako armadak jakinarazi du erresistentziak zortzi soldadu estatubatuar hil zituela larunbatean. Erasoak hainbat tokitan jasan zituzten. Gainera, Bagdadetik hego-ekialdera gutxienez bi soldadu irakiar hil eta beste hiru zauritu ditu ekintzaile suizida batek.
Basoran, soldadu britainiarren eta ekintzaile xiiten arteko borroketan hiru ekintzaile hil dira.
Kut hirian, 70 poliziak dimisioa eman dute, ekintzaile xiiten erasoen beldur direla argudiatuta.
Gaur AEBetako eta Irango diplomatikoak Bagdaden bilduko dira, Irakeko egoera aztertzeko.
Iraken 41 bahitu askatu dituzte, eta beste 40 lagun inguru bahitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu