Iraken 46 hildako eta 160 zauritu eragin ditu atentatu suizida batek

AEBetako armada hilaren 30ean hasiko da erretiratzen hirietatik; Al Malikik «garaipen» handitzat» jo du

Erredakzioa
2009ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Kirkuk hiritik 30 kilometro hegoaldera dagoen mezkita baten parean kamio-bonba bat leherrarazi zuen atzo ekintzaile suizida batek. Al Rasul mezkita xiitaren alboan, merkatu batetik gertu, zartarazi zuen bonba ekintzaileak. Tazet eremuan izan zen atentatua. Gutxienez 46 lagun hil zituen, eta beste 160 zauritu. Leherketak kalte handiak eragin zituen inguruetan, eta etxeen hondakinen artean hildako gehiago aurkitzea espero dute erreskate taldeek. Lasto-buztinezko 45 etxe txikitu zituen leherketak.

Kirkuk eskualdean petrolio ugari dago, eta haren gaineko kontrola bereganatu nahi dute arabiarrek zein kurduek -Kurdistanekin bat egitea nahi dute azken horiek-. Bagdadetik 250 kilometro iparraldera dago Kirkuk. Haren etorkizuna eztabaidatzeko konferentzia bat egiten ari dira hainbat alderdi egunotan hiriburuan.

Ameriketako Estatu Batuetako armada, bien bitartean, hilaren 30ean hasiko da erretiratzen hirietatik. Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroaren hitzetan, irakiarrentzat «garaipen handia» izango da: «Atzerriko tropa guztiak irteteko lehen urratsa da». Soldadu guztiak 2011. urtearen amaierarako erretiratuko zituela agindu zuen Barack Obamak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.