Iraken zortzi hilabete egon dira gobernua osatzeko alderdiei beharrezko zenbakiak ateratzen ez zitzaizkiela, politikarien negoziazioetan nork zer eraman ados jarri ezinik, baina azkenean egindute akordioa martxoaren 7ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emaitzarik onenak atera zituzten hiru mugimenduek, xiiten, suniten eta kurduen alderdi nagusiek. Nuri al Malikik jarraituko du lehen ministro karguan beste lau urtez; Jalal Talabani kurduak ere presidente izaten jarraituko du, eta Al Irakijako Osama al Nujaifiren esku geratuko da Legebiltzarreko presidentetza. Horrez gainera, Atzerri Gaietarako Ministerioa ere izango du Al Irakijak, bozak irabazi zituen alderdiak, eta baita defentsan eta ekonomian pisu handiagoa ere.
Masud Barzani Iraken menpeko Kurdistango lurralde autonomoko presidentea atera da akordioaz hitz egitera, zilegitasuna emanez adostutakoari, orain arte Al Malikiren aldekoek soilik esan baitute atzo baieztatu zena. Irabazi dutenen tonua erabilita, Irak berreraikitzeko «akordio nazionala» lortu dutela esan du. «Gutako bakoitzak bere eskubideen parte bat eskuratu du. Batek ezin du nahi duen guztia eduki, baina, oro har, denontzat da ona lortutakoa».
Legebiltzarra berriz martxan
Akordioaren puntu nagusiak negoziatuta, Legebiltzarra abian jarriko dute; baina ez dirudi horren erraza, astelehenean egitekoa zirena atzora arte atzeratu zutelako, eta atzo bertan, akordioa egin zutela iragarrita ere, Legebiltzarraren saioa atzeratuz joan zirenlehen lerroan dauden arduradunen atzekoak izendatzeko arazoak zituztelako. Bost hilabetean Legebiltzarrak ez du saiorik egin. Legealdi honetan lehen saioa eta orain arte azkena ekainean egin zuten, hogei minutuz baino ez; negoziazioek emaitzak izan arte atzeratu zuten.
Ijad Alaui lehen ministro ohiaren Al Irakijarekin izan dira tirabirak batez ere negoziazioetan, hauteskundeetan boto gehien jaso zuen taldeak ez zuelako lehen ministro kargua Al Malikiren esku utzi nahi, alderdi irabazlearen neurriko boterea nahi zuelako. Azkenean, Legebiltzarrerako buruzagitza emateaz gainera, Politika Estrategikoen Batzorde Nazionala bere esku utzita lortu dute bat egitea.
Al Irakijaren koalizioa gobernuan sartzeak gutxitu dezake azken boladako indarkeria egoera, baina neurri batean krisiari irtenbidea aurrez aurre egon diren xiiten bi alde nagusiek bat egin dutenean etorri da: Aliantza Nazionala hirugarren indar bilakatu zen hauteskundeen ondoren, 70 eserlekurekin, eta Al Malikiren Zuzenbidearen Estatua bigarren indarra bilakatu zen, 89 diputaturekin. Horiek eta Kurduen Aliantza laugarren indarrak joan den larunbatean egindako akordioaren ondoren etorri da Ijad Alauiren alderdiarekin bat egitea.
Botere karguak banatzeko helburuarekin, Ijad Alauiren Al Irakija koalizioarekin negoziatzen hasi ziren ondoren, Kurdistango Arbilen. Parte hartu zuten taldeetako buruzagi gorenek zuzenean negoziatu zuten, tartean Al Malikik eta Alauik. Kostata, baina azkenean aurrera atera da.
Zaila zirudien akordiorik lortzea orain arte jarduneko lehen ministro Al Malikiren Aliantza Nazionalaren eta Alauiren Al Irakija koalizioaren artean. Xiita eta sunitak bateratzen dituen Al Irakija koalizioak 91 diputatu lortu zituen iragan bozetan, boto asko Al Malikiren jardunak sortutako desadostasunengatik.
Gobernu ustela
AEBak dira akordio horrekin poztu diren lehenak, Nuri al Malikiren aukeraketan ados jarri direlako. «Gobernu integratzailea osatzeko itxurazko akordioa urrats handia da Irakek aurrera egin dezan», Anthony Blinkenen ustez. Joe Biden AEBetako presidenteordearen segurtasun aholkulariak gehiago ere esan du: «Boterearen banaketa handiagoa egiteko akordio batera iritsi dira irakiarrak, talde baten botere abusua gerta ez dadin, eta hori poztekoa da».
Akordioaren berri emateko orduan, alderdien arteko botere banaketa da iragarri duten bakarra, baina hauteskundeez geroztik negoziazioak oso isilean egin dituzte. Jarduera politiko eta ekonomikoa ustelduta dagoen administrazioan dago erroturik, burua altxatzea ezinezko egiten duenegunerokoan. Ikustekoa izango da gobernuaren jarduna, baina gauzek asko aldatu beharko dute herri kaotikoaren pareko den mundu politikoak interes pertsonalak eta ustelkeria albo batera uzteko. Gainera, herri hartan aliantzak egiten eta desegiten diren maiztasuna kontuan hartzen bada, edozer gerta daiteke; gauza on gutxi.
Gobernua osatu bitarteko zortzi hilabeteotan atentatuak izugarri hazi dira, 2005eko gobernua osatzerakoan gertatu zen bezalaxe. Gobernu osaerak egoera hori baretu badezake ere aurreko gobernuaren jarraipena izango denak aldaketarako zirrikitu gutxi uzten du.
Herritarrek etorkizun lausoa arnasten dute egunero, ezerkfuntzionatzen ez duen lekuan. Irakera iristen den laguntza oro militarrak eta poliziak trebatzeko erabiltzen da, eta zerbitzuak martxan jartzeko den dirua bitartekarien esku geratzen da. Herritarren %80k edo %90ek armadan, Polizian, administrazioan edo petrolioaren industrian lan egiten dute. Gainerakoak ahal duten moduan bizi dira, nekazaritza jarduerarik edo beste ekoizpen modurik apenas izan gabe.
Iraken batasun gobernua eratu dute zortzi hilabeteko botere hutsunea gaindituz
Xiiten, suniten eta kurduen arteko akordioari esker lortu dute gobernua eratzea iragan martxoko hauteskundeez geroztikAl Irakija gobernuan sartuko da, eta Nuri al Malikik lehen ministro izaten jarraituko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu