Iraken ehun pertsona hil dira gutxienez, sute batean

Ezkontza bat ospatzen ari ziren areto batean izan da; lehen ikerketek diotenez, su festa bategatik. Berrehun lagun baino gehiago zauritu dira

Estatuko indarrak suteak kiskalitako aretoan, atzo. MOHAMAD SAIF / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ezkontza batean zeudela, sute bat gertatu zen atzo goizaldean Irakeko Mosul hiritik gertu, eta, horren ondorioz, gutxienez ehun lagun hil ziren, eta berrehun baino gehiago zauritu. Irakeko Barne Ministerioak adierazi zuenez, egoera «kontrolpean» dago. Defentsa Zibilak egindako lehen ikerketen arabera, ezkontza egiten ari ziren aretoaren barruan su festa bat egin izanaren ondorioz piztu da sutea.

Iturri horrek berak jakinarazi zuenez, aretoak plastikozko panel batzuk zituen sabaian, «oso sukoiak». Defentsa Zibilak nabarmendu zuen debekatuta dagoela horiek erabiltzea gisa horretako eraikinetan, eta ohartarazi zuen ez zuela ez alarmarik, ezta suteak itzaltzeko sistemarik ere.

Ninive eskualdean, herrialdearen iparraldean, gertatu zen Mohammad Xia al-Sudani Irakeko lehen ministroak «istripu» gisa definitutako sute hori. Iturri ofizialek adierazi zuten oso azkar hedatu zela, «zeremoniarako aretoaren» zenbait zati «kolapsatu» zituela, eta «kostu txikiko materialak» minutu batzuen buruan eraitsi zirela. Gainera, plastikozko materialak erretzearen ondorioz, gas toxikoak hedatu ziren aretoan, eta horregatik ere artatu zuten jendea.

Ez dago argi zenbat jende zegoen aretoan sutea piztu zenean, baina era horretako zeremonietan herritar askok parte hartu ohi dute Iraken. Ekialde Hurbileko herrialde horretan, nahiko ohikoa da instalazioetan suteak gertatzea; batez ere udan, tenperaturak asko igotzen direnean —iragarrita dago datozen egunetan 39 gradukoa izatea tenperaturarik altuena Mosulen—. Gainera, aintzat hartu behar da instalazioak, oro har, kaskartuta daudela, herrialdean azken hamarkadetan nozitu izan dituzten gerrak eta indarkeria medio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.