Irakeko gobernu krisiak amaierarik izango du, beharbada, etzi. Ezen, ostegunean biltzekoa da Legebiltzarra, bertako burua, Irakeko presidentea izango dena, eta lehen ministroa izendatzeko xedean. Koalizio gobernua osatzeko lehen urratsa egin zuten joan den larunbatean, indar politiko xiita andana bateratzen dituen Aliantza Nazionalak eta Aliantza Kurduak akordio bat egin zutenean. Horrela, Irakeko Legebiltzarreko 325 diputatuetatik 148k sustatuko lukete, oraingoz, gobernu berria. Haatik, hamabost legebiltzarkiderensostengua falta dute oraindik gehiengo osoa lortzeko.
Gehiengo oso hori lortzeko asmoz, eta botere karguak banatzeko helburuarekin, Ijad Alaui gobernuburu ohiaren Al Irakija koalizioarekin negoziatzen hasi ziren atzo Kurdistan autonomoko hiriburu Arbilen. Lehen hitzordu horretan ados jartzerik ez bazuten lortzen, hizketaldiak gaur jarraitzekoak zituzten Bagdad hiriburuan.
Dena den, zaila dirudi akordiorik erdiestea jarduneko lehen ministro Nuri al Malikiren Aliantza Nazionalaren eta Ijad Alaui buru duen Al Irakija koalizioaren artean. Xiita eta sunitak bateratzen dituen Al Irakija koalizioak 91 diputatu lortu zituen iragan martxoaren 7ko Legebiltzarrerako bozetan, eta Al Malikiren Aliantza Nazionalak, berriz, 89 biltzarkide. Aliantza Kurdua, bestalde, 57 hautetsirekin geratu zen.
Botere banaketa auzitan
Martxoko hauteskundeetan irabazle irten zirela gogorarazita, Alauik hauxe nabarmendu du: «Bozen emaitzei egokitutako gobernua osatu behar da; botere banaketan eskubide eta eginbidez berdintasunean egon behar dugu, inork ez dezan jaun eta jabe gisa jokatu». Horretarako, Konstituzioa aldatzea beharrezkoa ikusten du Alauik, lehen ministroaren eskumena gutxitzeko helburuarekin. Horrelakorik ez du entzun nahi ere Al Malikik, eta era honetan erantzun dio: «Gobernu akordioa hitzartuko da Konstituzioari leialak diren partaideekin; partaidetza baterakobaitezpadako baldintza da hau».
Horiek hala, adituek ez dute uste ostegunerako bat etorriko direnik Aliantza Nazionala eta Al Irakija koalizioa. Horretarako, Al Irakijak xiitek eta kurduek eginiko eskaintzak onartu beharko lituzke. Bi blokeen arteko akordioaren arabera, Al Maliki xiita lehen ministro jardunean geratuko litzateke, eta Jalal Talabani kurdua Irakeko presidente karguan. Al Irakija koalizioko sunita batek hartuko luke Legebiltzarreko presidentetza eta Atzerri Ministerioko ardura.
Elkarrizketek, ordea, ez dituzte Irakeko borrokak eten. Hala, Kerbalan eta Najafen bi eraso suizida egin zituzten atzo. Horietan hemezortzi lagun hil ziren eta 58 zauritu. Hildakoen artean Irango hamar erromes daude.
Iraken gobernua osatzeko akordioa egin dute diputatu xiitek eta kurduek
Al Irakija koalizioaren parte-hartzea lortzeko xedez, negoziatzen jarraitzen dute; etzi bilduko da Legebiltzarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu