Iraken jarraitu beharreko bideari buruzko aholkuak onartzeko prest agertu da Bush

Jim Webbek irabazi du Virginian, eta, beraz, demokratak gehiengoa izango dira Senatuan ere

arantxa elizegi egilegor
2006ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Burua makurtu du AEBetako presidente George Bushek. Orain arte ez bezala, Irakeko auzia konpontzeko aholkuak onartzeko prest agertu zen atzo Ameriketako Estatu Batuetako presidentea: «Terroristak garaitzeko eta Iraken Gobernu demokratiko bat bermatzeko balioko duen edozein ideia edo proposamen entzuteko prest nago». Ordezkarien Ganberako presidentetza lortu berri duen Nancy Pelosi demokratarekin bildu aurretik egindako agerraldian egin zituen adierazpenok. Ordurako, ziurra zen demokratek gehiengoa lortuko zutela Senatuan ere.

Virginian erabaki da lehia. Botoen %99 zenbatuta, datuek Jim Webb hautagai demokratari ematen diote garaipena. Alde txikiarekin bada ere, eskuz aldatuko da Senatua, errepublikanoek eta demokratek 49na eserleku dituzten arren, bi senatari independenteak demokraten aldekoak direlako. George Allen hautagai errepublikanoak atzo arratsaldean zuen onartzekoa demokraten garaipena. Lerro hauek idazteko unean ez zuen oraindik adierazpenik egin. Azaroaren 14rako iragarri dituzte azken emaitzak. Webben bozeramaileak, baina, jada iragarri du haren garaipena.

Antzekoa da Montanako egoera ere. Han John Tester demokratak 3.000 botoko aldearekin irabazi dio Conrad Burns errepublikanoari. Baina lerro hauek idazteko unean hatagai errepublikanoak ez zuen oraindik aurrekoaren garaipena onartu.

«Iraken, eta hemen etxean, amerikarrek argi utzi dute nekatuta daudela azken sei urteotan egindako akatsekin», azaldu du demokraten buruzagi Harry Reidek. Hamabi urtean lehen aldiz demokraten esku geratu da Kongresua.

ERRETIRATZEAREN ALDE. Bushen proposamenari erantzunez, beren lehen helburua Iraketik tropak erretiratzea dela iragarri du John Murtha ordezkari demokratak: «Iraken AEBak etsai bilakatu dira, eta inkestek erakusten dute irakiarrek estatubatuarrak joatea nahi dutela». AEBetako presidenteak, baina, «soldadu estatubatuarren ongizatea» nabarmendu duen arren, ez du aipatu noiz erretiratuko dituen Iraken dauden 150.000 militarrak. «Beldurraren kontrako gerra irabazteko zer egiteko asmoa duten entzun nahi dugu», adierazi du Jon Cornyn senatari errepublikanoak.

############

HemeroTeKa BiLDumaMundu osoko egunkariak Estatu Batuetara begira daude, denek dute hizpide demokraten garaipena. Hemen lau adibide:

Washington Post (AEB)

Bilera, erdibidean

Amerikar hautesleek aro bat amaitu zuten asteartean. Estatu Batuak ahuldu dituen gaizki antolatutako Irakeko gerra baztertu zuten. Aurkariak herrialdea arriskuan jartzen duten etsaiak direla diotenen jarrera gogorra baztertu zuten. Baztertu egin zuten hauteskundeak nola edo hala irabazteko prest zegoen presidentea, zeinak aurkariak umiliatu zituen esanez: «Demokratek Iraken duten jarrerak hauxe eragingo du: terroristek irabaziko dute eta Amerikak galdu». Hautesleek erabaki zuten ez zegoela zintzotasunik hitz horietan. [...] Bushen errepublikanismoa gehiago jasan ezin duten erdibideko amerikarren botoei esker irabazi dute demokratek [...].

USA Today (AEB)

Eginbeharrak amaituta,hautesleak Bushen zain

Orain azken botoak geratzen direnean zenbatzeko, eta iragarki erasokorrak amaitu direnean, arrazoizkoa beharko luke Washingtonekin aspertuta dagoen publikoarentzat bi aldeek armak uztea eta ardurarekin agintzen hastea. Arrazoizkoa, baina ez derrigorrez posiblea. [...] Orain kanpaina amaituta, demokraten txanda da lortu berri duten boterea erabiliz, eta kritikak alde batera utzita, irtenbideak aurkitzeko. Eta garaia da Bush zentzatzeko eta hasieran iragarri zuen batasuna bultzatzeko, gerora bultzatu duen banaketa alde batera utzita [...].

The Guardian (Erresuma Batua)

Presidenteak prezioa ordainduko du; Irakentzat une erabakigarria da

[...] Duela bi urte hautesleek bigarren aukera eman ostean, presidentea eta AEBetako Kongresuko haren kideak prospektu faltsuak, plan baldarrak eta exekutiboaren gaitasun ezaren istorio tamalgarria ordaintzen ari dira. Irakeko auziak errepublikanoengan eragin duen kaltea ikertuz, Bushek arrazoi indartsuak ditu orainAEBetako tropak segurtasunez erretiratzeko, eta Saddam Husseinen oinordekoentzat etorkizun demokratikoa bermatuko duen estrategia antolatzeko. Paradoxikoki, berak sortutako nahas-mahasetik irteten lagunduko dio Bushi astearteko erabakiak [...]. ­ SIMON TISDALL Le Monde (Frantzia)

Bush maniobratzen

[...] Bushek ez du nahi [Irak] Vietnamen 1960-1970 urteen artean gertatutakoa hondamendiarekin alderatzea. Haatik, Washingtongo politikariak itsututa daude erretiratze lotsagarri baten amesgaiztoarekin, horrek haien aliatuak etsaien esku utziko lituzkeelako. Bada desberdintasun bat: AEBek utziko duten herrialdea ez da gehiago botere erasokor baten menpe egongo, gerra zibilaren menpe baizik. Terroristentzako trebatze eremu eta auzokoentzako mehatxu bilaka daiteke, amerikarren segurtasuna gabe. Horixe zen Saddam Hussein boteretik kentzean saihestu nahi zutena [...].

############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.