Iazko ekainaren 10eko bozetan alderdi bakar batek ere ez zuen bakarrik agintzeko adinako gehiengorik lortu. N-VA alderdi independentistak irabazi zuen Flandrian, eta PS alderdi sozialistak Valonian eta Bruselan —hiriburuan eta beste hemezortzi udalerritan—. Harrez gero, akordiorik erdietsi ezinda aritu dira alderdiak elkarrizketa antzuetan, eta joan den irailaz geroztik ez dira denak batera mahai beraren inguruan eseri.
Erregeak eginahalak egin ditugobernu bat eratzeko, baina haren negoziatzaile edo bitartekari guztiek egin dute porrot. Joan den otsailaren 2an izendatu zuen azken bitartekaria: Didier Reynders frantses-hiztuna, jarduneko Finantza ministroa.
Albert II.arekin bildu zen atzo negoziazioen berri emateko. Aurrerapausorik egon ez denez, bitartekari gisa jarduteko denbora martxoaren 1era arte luzatu dio. Behin betiko txostena aurkeztu beharko dio orduan. Asteartean bildu zen Reynders Bart de Wever N-VAko flandriar independistarekin eta Elio Di Rupo PSko sozialista frantses-hiztunarekin. Luze jo zuen batzarrak, baina emaitza hitz bakarrean jaso daiteke: deus. Ikuspuntu eta jarrera bateraezinak dituzte bi aldeek. Reyndersen bitartekaritzaren luzapenaren xedea hain zuzen ere flandriarren eta frantses-hiztunen arteko eztabaida gaietan sakontzea da, bateraguneak lantzea. «Hutsetik abiatu beharko ginateke gai horietan», aitortu du bitartekariak.
Hiru dira, funtsean, konpondu beharreko eta konpondu ezineko gaiak. Lehena, eskuduntzak erakunde federaletara eskualdatzea: autonomia fiskal handiagoa eskatzen dute flandriarrek, baina frantses-hiztunak ez daude ados, horrek estatu federala ahuldu dezakeelakoan. Bigarrena, Bruselaren eta BHV Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaren zatitze eskaria: Flandriak bere egin nahi ditu barrutiko 35 udalerriak (nederlandera-hiztun
Buru bat, gorputz bi
Protesta ekintzak antolatu dituzte gaurko 30 ikasle erakundek Belgikako hiri nagusietarako.Egoera politikoarekiko haserrea erakustea dute xede, eta Patata frijituen iraultza izena eman diote euren mugimenduari, Tunisiako oraintsuko Jasminen iraultza imitatuz. «Belgikako gastronomia ikonoa dira patata frijituak, horregatik aukeratu dugu izena», azaldu dute ikasleek.
Iragan urtarrilaren 23an, 35.000 lagun bildu ziren Bruselan eginiko antzeko deialdi batean. Hala ere, badirudi belgikar asko jada ohitu egin dela gobernurik barik bizitzera. «Trenek eta autobusek martxan jarraitzen dute. Poliziak lanean ari dira. Posta berandu heltzen da, baina beti iritsi izan da berandu. Agian komenigarriagoa da gobernurik ez izatea etengabe kolapsatzen diren gobernuak izatea baino», dio Dan Alexe zinemagile belgikarrak. Gobernu ezaren abantailei erreparatuz, aurrekontu nazionalaren defizita iaz pentsatu baino baxuagoa izan da, neurri batean dirua gastatzeko gobernurik egon ez delako.
Bi hizkuntzen arteko talka baino haratago doa Belgikaren blokeo egoera. Iparraldean, landakoak eta txiroagoak ziren flandriarrak izugarri hazi dira ekonomikoki azken urteetan; hegoaldean, ordea, ahuldu egin da frantses-hiztunen potentzia industriala. Tartean, Brusela, Flandriako, Belgikako eta Europako Batasuneko hiriburua. Frantses-hiztuna da Bruselako biztaleriaren gehiengoa, Flandrian egon arren. «Gorputz banako siamdar bikiek osatzen dute Belgika, Bruselak burua lotzen dietelarik», dio Yves Desmet De Morgen egunkari flandriarreko politika kazetariak. Beti haustear dagoela dirudi, baina herrialdeak beti batuta jarraitzen du 1830ean sortu zenetik.