Turkiako armadaren Estatu Gorenak jakitera eman duenez, Iraken menpeko Kurdistango (Hego Kurdistan) mendietako Zap eremuan PKK gerrilla kurduaren baseen kontra bonbardaketak egin zituzten atzo. Kurdistango Langileen Alderdiaren gerrilla taldeak han ustez duen basea suntsitu zuela esan zuen Turkiak joan den otsailean. Orduan erasoaldi zabala egin zuen, muga igarota.
Oraingo honetan armadak zabaldu duenez, "hautatutako 13 jomugak -tartean soilik erakundeak erabiltzen zituen ibilgailu eta instalazioak- bete-betean jo" dituzte hegazkin militarrek jaurtitako bonbek.
Turkiako Gobernuak iazko azaroan eman zion baimena bere armadari Irakekiko muga gainditu eta PKK-ren kontra ekiteko. Baimen horrek urtebeteko iraupena du. Lehenago eta geroago maiz bonbardatu izan ditu Turkiak Hego Kurdistango mendiak, Ipar Kurdistanen (Turkiaren menpe) ekiten duen PKK han aterpetzen delakoan.
PKK 1978an sortu zuten ekintzaile kurdu marxista eta nazionalista batzuek, tartean Abdala Oçalan zela (egun, Turkiako uharte batean preso). 1984an borroka armatuari ekin zion, Ankarako gobernuak kurduen giza eta eskubide nazionalak urratzen segitzen zuela argudiatuta. Turkiako armadaren zapalkuntzak nahiz erasoek, eta gerrillariek eginiko erasoek, batetik, eta armadaren eta gerrillaren arteko borrokek, bestetik 30.000 lagunen heriotza eragin dute urteotan. Horietako asko eta asko zibil kurduak dira.
Mundua
Iraken menpeko Kurdistan bonbardatu du berriro Turkiak
Ustez PKK gerrilla taldeak Hego Kurdistango mendietan dituen baseak dira Turkiako armadaren bonben jomuga. Ez dute biktimarik izan denentz jakinarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu