Mundua

Irakera joan da Bush, iragarri gabe

Nuri Al Maliki lehen ministroarekin eta AEBetako indarren arduradunarekin batzartuko da. Bisita gerrarako diru gehiago biltzeko baliatuko duela uste da.

2007ko irailaren 3a
16:06
Entzun
George Bush AEBetako presidentea Iraken da, iragarri gabeko bisitan. Irakeko iturri militarrek agertu dutenez, Bagdadetik mendebaldera dagoen Al Asadeko basera joan da, eta heldu segituan bilera egin du baseko buruzagiekin. Nuri Al Maliki Irakeko lehen ministroarekin ere batzartuko da. Azkenaldian, harreman tira-biratsuak izan dituzte AEBetako Gobernuak eta Irakekoak.

Era berean, David Petraeus AEBek Iraken dituen indar militarren buruarekin eta Ryan Crocker enbaxadorearekin egingo ditu bilerak.

Condoleezza Rice Estatu idazkariarekin, Robert Gates Defentsa idazkariarekin eta Stephen Hadley Segurtasun Nazionalerako aholkulariarekin joan da Bush Irakera. Joan den astean gerrarako diru gehiago eskatu zion Bushek Ordezkarien Ganberari, eta bisita dirua biltzeko ahalegin horretan bere alde erabiliko duela uste dute analistek.

2003ko martxoan inbasioa hasi zutenetik beste bitan egon da Bush Iraken: 2003ko azaroan eta 2006ko ekainean.

Iraketik Australiara joango da AEBetako presidentea, Asiako estatuburuek goi-bilera egingo duela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.