Urtea amaitu baino lehen AEBek Iraken dituzten tropa guztiak etxera bueltatuko direla iragarri du Barack Obama presidenteak Etxe Zurian eginiko agerraldian. «Ia bederatzi urteren ostean bukatuko da, urte amaieran, Irakeko gerra luzea». Bagdadeko gobernuarekin hitzartu du oraindik han dauden ia 50.000 soldadu estatubatuarren itzulera. «Gaur, azkenean, esan dezaket gure tropak Gabonetarako etxean egongo direla. Hamarkada beteko gerraren ostean, eraiki behar dugun eta eraikiko dugun herrialdea geurea da».
Obamaren arabera, AEBak «sendotuta» atera dira Iraketik, eta behin hango erretiratzea bete ostean joan den udan Afganistanen hasitako tropen ateratzearekin jarraituko dutela iragarri du; 2014rako Kabulen soldadu estatubatuar bakar bat ez geratzea aurreikusten du. Tropak ateratzeko operazioa zehazteko, negoziazio tirabiratsuetan ibili dira azken hilabeteetan Washington eta Bagdad, eta Obamak abenduaren 31ren ostean 5.000 soldadu Iraken utzi nahi bazituen ere, Nuri al Malikiren gobernuak ez du horrelakorik onartu. «Trebakuntza eta operazio berezietarako» utzi nahi zituen soldadu horiek Obamak, eta aurreratu du ez duela etsiko Bagdaden ezezkoaren aurrean.
Bi gobernuen negoziazioaren porrotaren arrazoi nagusia Obamaren eskariak ekarri du. AEBetako presidenteak Iraken utzi nahi zituen 5.000 soldaduek immunitatea izatea eskatu dio Bagdadi, baina Al Malikik ez du onartu baldintza hori. Berme hori lortu ez duenez, soldadurik ez uztea erabaki behar izan du, azkenean, Obamak. Dena dela, ez du guztiz galdutzat eman tropak han uzteko aukera. Izan ere, datozen asteetan puntu horren inguruan eztabaidatzen jarraituko dutela baieztatu du Etxe Zuriko buruak.
Alabaina, Denis McDonough Etxe Zuriko Nazio Segurtasun kontseilariak nabarmendu du Irakeko armada bakarrik aritzeko gai dela. «Mutil horiek prest daude, gai dira. Izan ere, etorkizunean aurkituko dituzten erronketarako adina eskarmentu jaso dute azken urteotan. Hortaz, gustura gaude AEBetako tropek Irakeko misioa uzteko hartutako erabakiarekin».
Bestalde, tropa guztiak ateratakoan Irakek eta AEBek «aliantza sendo eta iraunkorra eta bi herrialde burujaberen arteko harreman normala» izango dute, Obamaren arabera.
Gerra garestia
«Gure tropetako azken soldaduak lortutako arrakastaz harro aterako dira Iraketik, eta gure soldaduak babesteko AEBetako herria batuta dagoela izango dute gogoan», esan du AEBetako presidenteak, baina garaipenik gabe aterako dira, eta utzi nahi zituen soldaduen inguruko negoziazioetan porrot eginda.
Irakeko inbasioaren eta haren osteko gerraren balorazioa ez da batere baikorra Washingtonentzat, zortzi urte eta bederatzi hilabeteko gerra oso garesti atera baitzaio. Gutxienez 4.400 soldadu estatubatuar hil dituzte, eta beste 31.000 inguruk zauriak izan dituzte, eta dirutan ia bilioi bat dolar xahutu dituzte.
Irakeko gerra 2003ko martxoaren 20an hasi zuen George Bush AEBetako orduko presidentea zenak, suntsipen handiko armak gordeta zeuzkala aitzakiatzat hartuta, Saddam Hussein Irakeko burua zenaren erregimena erorarazteko. Nazioarteko legediari jaramonik egin barik sartu ziren AEBak Iraken, NBE Nazio Batuen Erakundearen babesik gabe; eta horrek inbasioaren kontrako sekulako protestak eragin zituen mundu osoan, eta AEBetan bertan ere zatiketa ideologiko sakona sorrarazi zuen.
Bushen mezuaren kontra eginez, bakearen aldeko politika defendatuz iritsi zen Obama Etxe Zurira, 2009an. Presidente kargua hartu berritan, Irakeko gerraren amaiera aurreratu zuen, eta 2010eko abuztuan AEBen misioa amaitu zela iragarri zuen.
Iraketik tropa guztiak aterako ditu aurten Barack Obamak
Washingtonek 5.000 soldadu utzi nahi zituen Iraken, baina Bagdadeko gobernuak ez ditu onartu AEBen baldintzakGerra Gabonetan bukatuko dela dio presidenteak, azken soldaduak etxeratzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu