Iranek serioski hartu ditu bere programa nuklearra dela-eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erasorako dituen planak, eta «erantzuteko prest» dagoela adierazi du. «Zortzi urte daramatzagu Israelen mehatxuak aditzen; ez da gauza berria guretzat. Gure nazioa elkartuta dago», adierazi du Ali Akbar Salehi Atzerri ministroak. Tel Aviv ez ezik, Washington haren aliatu nagusia ere ohartarazi du Salehik. «AEBek eta erregimen sionistak badakite eraso eginez gero sekulako galerak izanen dituztela». Horregatik, «bi aldiz pentsatzeko» eskatu die. Ez da Israelek Irani erasotzeko nahia agertu duen lehenbiziko aldia, baina oraingoan aitzinekoetan baino hauts gehiago harrotu du, Netanyahuren asmoak prentsak zabaldu direlako. AEBen eta Erresuma Batuaren erreakzioak eta Netanyahuk filtrazioa ikertzeko agindu izanak sinesgarritasuna eman diote Tel Aviven mehatxuari.
Simon Peres Israelgo presidenteari Irani erasotzeko asmoen inguruan galdetu zioten atzo Zipren. Ez zuen deus berretsi, baina gogor jo zuen Teheranen kontra. «Zergatik ez du inork Iran mehatxatzen? Terrorismoaren gune bat da, eta Ekialde Hurbileko hainbat herrialderi armak ematen dizkio». Iranek bonba atomikoa egitea «inolaz ere» ezin dela onartu ohartarazi du Peresek.
Barack Obama AEBetako presidentea, berriz, Nicolas Sarkozy Frantziakoarekin elkartu zen atzo Cannesen (Frantzia). Biak Iranen kontra «inoiz ez bezalako presioa» egitearen alde agertu ziren, programa nuklearrari dagokionez Iranek «bere betebeharrak» bete ditzan. Israelen asmoen inguruan, ordea, ez ziren mintzatu. Irango Atzerri ministroak, baina, AEBak zuzenean lotu ditu erasorako mehatxuekin. «Zoritxarrez, nazioarteko auziei aurre egiteko zuhurtzia eta jakinduria galdu dute AEBek, eta bakarrik beren energia beharrizanez arduratzen dira». Salehik Bengazitik egin ditu adierazpen horiek, Libiara egindako bisitan.
Libiako esku hartzea zuzendu duen erakundeak, NATOk, berriz, adierazi du ez duela Irani eraso egiteko asmorik. Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak Teherani exijitu dio uranioa aberasteko programak geldiarazteko eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak betetzeko, baina aliantza ez dagoela «Irango auzian murgilduta» adierazi du.
The Guardian-ek iturri ofizialak aipatuz argitaratutakoaren arabera, Erresuma Batua eta AEBak Irani eraso egiteko prest daude. Misilekin Iranen instalazio nuklearrak deuseztatu nahi dituzte. Erresuma Batuko bozeramaile batek atzo adierazi zuen «irtenbide negoziatuaren» alde daudela baina «aukera guztiak mahai gainean» izan behar dituztela. Hurrengo asteartean IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Irani buruzko txostena plazaratuko du, eta balizko erasorako planen inguruan mugarria izan daiteke egun hori.
Filtrazioak ikertzen
Israelgo hedabideetara gobernutik egindako filtrazioek argitaratu dute Tel Aviven nahia. Horren arabera, Netanyahu eta Ehud Barak Defentsa ministroa Iranen instalazio nuklearrak bonbardatzeko konbentzitu nahian ari dira armadako buruak eta herrialdeko sektore politikoak. Kuwaiteko Al Jarida egunkariak argitaratu duenez, Netanyahuk informazioa nork zabaldu duen ikertzeko eskatu du, horren helburua erasorako plana zapuztea izan delakoan. Al Jarida-ren arabera, susmagarri nagusiak Meir Dagan Mossadeko buru ohia eta Yuval Diskin Shin Bet barne segurtasun agentziako zuzendari ohia dira. Daganek eta Diskinek diote erasoak ondorio kaltegarriak sor diezazkiola Israeli. Daganek urtarrilean adierazpen batzuk egin zituen, Iranen gaitasun nuklearra gutxietsiz, eta horiek puzteko interesa zegoela salatu zuen.
Zabaldutakoaren arabera, Israelgo armadako buruak erasoak utz ditzakeen ondorioen beldur dira, eskualdean gatazka zabal bat leherraraz dezakeelakoan. Aukeran, nahiago dute AEBek zuzentzea ekimena, Israelek bere kabuz jotzea baino.
Iran «prest» dago Israelekin eta AEBekin gerran hasteko
Teheranen programa nuklearra dela-eta Tel Avivek eraso egiteko asmoa duela zabaldu dute Israelgo hedabideekIranen aurkako eraso asmoetan AEBei laguntzeko prest dago Erresuma Batua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu